López de Luzuriaga atxilotu dute Zamudion

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 25a, 11:20

Guardia Zibilak Nagore López de Luzuriaga atxilotu du gaur goizean Zamudion. Lekukoek adierazitakoaren arabera, atxiloketa goizeko 7ak inguruan gertatu da. Neska bere mutil lagunaren etxean zegoen eta Guardia Zibilek deitu dute etxera. Bera atxilotzera etorri zirela esan diote, eta behar zuena hartzeko. Etxetik atera da eta atxilotu dute. Nagore Agurainen bizi da eta hara eraman dute, bere etxea miatzeko. López de Luzuriaga Etxerat-en bozeramailea da eta orain dela hilabete bat elkarteak Iñigo Urkullu lehendakariarekin izan zuen bileran hartu zuen parte. Berarekin batera, beste hiru pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak: Izaskun Abaigar, Fernando Arburua eta Oihana Barrios. Abaigar Etxerat-eko delegazioarekin joan zen Bruselara orain dela gutxi, eta Arburua eta Barrios Jaiki Hadi euskal presoei arreta ematen dieten osasun-langileen elkartekoak dira. Komunikatu batean, Espainiako Barne Ministerioak “Koordinazio Gunea” izeneko erakundearekin lotu ditu atxilotuak. Ministerioaren arabera, Koordinazio Gunean, ETAren agindupean, zehazten ziren presoen inguruan lan egiten duten erakundeek jarraitu beharreko ildoak. Atxiloketak Pastor Operazioaren barruan egin dira, eta euskal presoen babeserako elkarteen kontra 2013ko irailetik hona egin den laugarren operazioa da.