Garazi Astorkiza eta Maialen Atxutegi zamudioztarrak errefuxiatu sahararren kanpamentuetara joango dira ekainaren 5etik 20ra bitartean. Gazteak Irakasle-eskolan dabiltza ikasten eta bidaia Gizarte Hezkuntzaren Fakultateko ikasleek antolatu dute. “Bidaia orain dela hiru urtetik hona egiten da. Fakultatean badago neska saharar bat eta berak proposatu zuen ekintza egitea. Helburuetariko bat hango umeekin hainbat egitasmo jorratzea da, hala nola tailerrak, jolasak, olinpiadak, lehiaketak… Era berean, errefuxiatuen egoera zuzenean ezagutuko dugu eta, besteak beste, ospitalea, museoa eta emakumeen elkartea bisitatuko ditugu”, azaldu digute neskak.
Premia handiak daude kanpamentuetan eta bidaiaren beste helburuetariko bat materiala biltzea da, hara eramateko. “Botikak, umeentzako xarabeak, ume txikientzako arropa eta eskola materiala bilduko ditugu. Horretarako, kutxa bat ipiniko dugu leku hauetan: farmazia, Gorbeia mertzeria, liburu-denda eta herriko eskola. Toki bakoitzean material mota bat batuko da eta hori karteletan zehaztuko dugu”. Materiala Zamudion bilduko dute hasieran, baina esan digute, kanpaina ondo badoa, Txorierri osora zabaltzeko aukera aztertuko dutela. “Bidaian bakarrik 30 kilo eraman ahal dira pertsona bakoitzeko. Beraz, gurekin eraman ezin dugun gauzaren bat balego, hori Sahararen aldeko elkarteek antolatzen dituzten karabanetan bidaliko litzateke”.
Garazik eta Maialenek material bilketan parte hartzeko gonbitea egin diete herritar guztiei. “Ahalegin txikia da guretzat, baina oso inportantea haientzat. Pozik hartuko dute eta eskertuko dute”. Ekainaren zain daude, irrikan, beren abentura txikiari hasiera emateko. “Badakigu esperientzia gogorra izango dela, baina oso polita eta aberasgarria ere bai”.