Aurtengoa urte berezia da Zamudioko gazteentzat, Inisitue hango gazte asanbladak 20 urte bete dituelako. Urteurrenaren haritik hainbat ekitaldi antolatu dituzte urte osoan zehar egiteko, baina ekintza nagusiak apirilean izan dira. Hala, apirilaren 10ean gaztetxoei zuzendutako ekintzak egon ziren eta hurrengo egunean, zapatuan, Gazte Eguna ospatu zuten. Txupinazoa goizeko 10etan bota zuten eta handik aurrera ekintzaz betetako eguna eduki zuten. Gazte eskaintza, lokal autogestionatu baten inguruko iritzien trukaketa, poteoa…
Bazkaria gazteek eurek prestatu zuten eta bertan 130 lagun batu ziren. Bazkaldu ostean, olinpiadak, elektrotxaranga eta gaztetxea errebindikatzeko ekitaldi berezia, eskola zaharretan. “Oso hunkigarria eta motibagarria izan zen benetan. Gazte altxa, hasi da iraultza kantatzen hasi ziren han bildutakoak”.
Kontzertuak egon ziren gauean eta, besteak beste, Txapelpunk eta Garilak 26 taldeak igo ziren eszenatokira. “Jendetza batu zen plazan, aurrekoetan baino askoz jende gehiago. Horrela, bada, momentu batzuetan, txosnan larri ibili ginen hainbeste jenderi zerbitzatzeko. Dena dela, giro ona egon zen gau osoan zehar eta musika taldeek ere egunduko kontzertuak eskaini zituzten”. Bestalde, apirilaren 14an ekitalditxoa egin zuten urteurrena haien artean ospatzeko: pintxo batzuk, berbalditxo bat eta brindisa.
“Gazteen laguntza eta parte-hartzea itzelak izan dira benetan. Eskertzekoa. Hogeita hamar gaztetik gora ibili dira monitore, txandaka, muntatze eta desmuntatze-lanetan… Gurea herri txikia dela eta gazte askorik ez dagoela kontuan hartuta, benetan harrigarria”.