Zamudioko euskara elkarteak prest du dena Lagatzu Eguna/Euskal jaia ospatzeko. Egun nagusia ekainaren 27a, zapatua, izango den arren, barikuan ere musika egongo da ekitaldi bat motorrak berotzen hasteko. Ekitaldia Fernan eta Natxo tabernen arteko plazan izango da.
Esan bezala, egun nagusia zapatua izango da. Zamudioztarrak txinatar kulturara hurbilduko dira eta goizean dragoi bat irtengo da kalejiran. Ekintza 10:30ean izango da Agirre Lehendakariaren plazan eta Gorbeia kaleko plazan. Ostean, hamaiketakoa eskainiko da Kultura Etxeko patioan, eta 12:00etan Bizi gure kulturan abestiaren lipdub-a egingo da Arbolantxa eta Oiz kaleetan. Kale-jira-bira-dantza-poteoa ere egongo da eguerdian, Bertoko, Hiru Bai eta Gazte Alai taldeen eta bertsolarien eskutik, eta Leizaola Lehendakariaren plazan motor jokoak egingo dira, Zamudio Racing elkarteak antolaturik.
Herri bazkaria 15:00etan izango da eta bazkalondoa Taberna Ibiltariak eta bazkaltiarrek girotuko dute. Trikizio taldeak amaiera emango dio egunari. Erromeria 20:00etan hasiko da.