Zamudio Racing elkarteak Bertso-Rally erronka antolatu du lehenengo aldiz, herrian, irailaren 12rako. Ekintza horrek antolatzaileen zaletasun bi uztartzen ditu: autoak eta bertsolaritza. Horren haritik, 19:00etatik aurrera, hainbat bertsolari eta gidari batuko dira Zamudioko kale eta tabernetan, ikusleekin batera poteoa egiteko. Besteak beste, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Beñat Ugartetxea eta Arkaitz Estiballes bertsolariak eta Ibon Garai eta Iñaki Narbaiza gidariak arituko dira.
Gainera, goizean, 10:00etatik aurrera, beste jarduera batzuk egingo dira: gidatze seguru, ziklomotor eta amaxofobia (gidatzearen beldurra) ikastaroak, tailerrak, scalextric-a, simulagailuak, urrunetik gidatutako autoak… Ikastaroak Gidatze Euskal Eskolak (ECV) eta GO autoeskolak eskainiko dituzte. Horrezaz gainera, erakusketa bi egingo dira: rally autoak, Leizaola plazan, BBKren bulegoaren aurrean; eta auto klasikoak, kultur etxean, eskola zaharretan.
Informazio gehiago: zamudioracingelkarte@gmail.com