Ospakizunez betetako urria ekarriko digu Bertokok

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 24a, 10:27

Zamudioko elkarteak 20 urte bete ditu eta, urteurrena ospatzeko, ekitaldi sorta zabala antolatu dute urrian zehar. Hala, hilaren 4an, domekan eta eguerdiko 12etan, dantzaldi-erromeria egingo dute Hiru Bat dantza taldearekin eta Aiko taldearekin batera. Txakolina eta kopaua ere eskainiko dira. Urriaren 10ean, zapatua, txotxongilo erraldoiak dantzatzen ikasteko tailerra egongo da goizeko 12etan; eta Kepa Junkera eta Sorginak taldearen solasaldi-emanaldia, arrastiko 7etan. Ondoren, kalejiran aterako da Maurizia, Leon eta Fasio txotxongiloekin, eta tripazorroak alaitzeko, txitxi-burruntzia eta txakolina dastatzeko aukera ere egongo da. Urriaren 17rako, zapaturako, afaria antolatu dute eta, azaldu dutenez, sorpresaren bat egongo da. XX. urteurreneko diskoa ere grabatuko dute eta bertan elkartearen ibilbidea erakusten duten zortzi kantu sartuko dituzte. Proiektua Igon Olaguenaga Bertokoko trikiti maisuak zuzenduko du eta elkarteko musikariekin batera musikari profesionalak ere arituko dira. Diskoa urriaren 24an grabatuko da. Bestalde, 15 minutuko bideo bi ere egingo dituzte. Bideo horietan Bertoko elkartearen sortzaileak, irakasleak, gurasoak eta gaur egungo ikasleak zein ikasle ohiak elkarrizketatuko dituzte, eta jendaurrean zein ikasgela barruan egindako saioak erakutsiko dira. Elkarteak herrian izan duen eragina ere aztertuko da.