Ariane Apodaca zamudioztarrak bere bigarren liburua kaleratu du

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 5a, 13:51
El tributo del miedo du izenburu eta trilogia epiko bateko bigarren liburua da. “Trilogiako lehen liburua El designio de las Dreias da. “Mundu ezagunean” sei erresuma daude eta gerra hasten denean, aliantzak egiten dira. Aliantza horien ondorioak azaltzen ditut bigarren liburuan. Ez dira ondorio onak”. Idaztea eta lana uztartu behar izan ditu, eta urtebete eta erdi eman du bigarren liburua idazteko. “Apur bat korapilatsua izan da, bigarren liburua lehenengoaren eta hirugarrenaren arteko lotura denez, istorioa luzeagoa delako eta denborazko trantsizioak ere ondo kontatu behar direlako. Errazagoa da trantsizio horiek zinemagintzan kontatzea”. Arianek zinegidoiko masterra egin zuen Edinburgon eta gidoi bat idazteko eskatu zioten, master-bukaerako proiektu moduan. Gidoia trilogia bihurtu da, eta lehenengo eta bigarren liburuak Arianek berak editatu ditu. “Kasu bietan 65 ale atera ditugu. Lehenengo liburuari dagokionez, ale guztiak saldu dira eta espero dut bigarren liburua ere ondo joatea”. Liburua facebooken bidez (eldesigniodelasdreias) eros daiteke eta Amazon-en ere ipini da salgai. Zamudioztarra hasi da hirugarren liburuan lanean eta, aitortu digun moduan, hori bukatzeko irrikan dago. “Izan ere, beste proiektu bi ditut buruan. Bata Bigarren Mundu Gerran kokatzen da, eta bestea gaur egungo istorio bat da”. Arianek beti eduki du argi idazlea izan nahi zuela, eta bide horretatik dabil, poliki-poliki.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).