Bizitza burruka-arteei lotuta

Julio César Torres Junior, Ekuadorreko zamudioztarra

Mutiltxo bihurria eta “neurrigabea” zala aitortu deusku Juniorrek, eta horregaitik aitak burruka-arteak ikastera bialdu ebala. Erabagi egokia, izan be burruka-arteek aiurria “biguntzen” lagundu deutsielako. Are gehiago, bizitza-modu bat da berarentzat.

Julio César Torresi Junior esaten deutsie senideek eta lagunek. 1980. urtean jaio zan Guayaquilen, Ekuadorren, eta 15 urte zituala baeban garriko baltza karatean. Baita hainbat txapelketa irabazita be nazino mailan eta kluben artean. Karatean 11 urtegaz hasi zan. Futbolean eta beisbolean be ibili zan arren, burruka-arteei buru-belarri ekitea erabagi eban. “Etorkizunari begira, nire helburu izan dira beti”.

Argentinan legez, Ekuadorren “corralito” bat egon zan, eta herria eta herritarrak finantza-krisialdi larri baten murgildu ziran. Juniorrek izeko bat eukan Bilbon eta bertara abiau zan amagaz, eta anai-arrebakaz. Hori orain dala 20 urte izan zan, eta Juniorrek 17 urte zituan garai hatan. Zamudiora orain dala zortzi urte ezkondu zan.

Batez be ostalaritzan egin dau lan, eta aireportuan be ibili da. Krisialdiak eta paperik ez eukiteak bizimodua handik eta hemendik ateratera eroan dabe, eta 15 urteko etenaldi baten ostean, burruka-arteetan ipini dau barriro arretea. “Etenaldi luzea izan da, baina ondo ikasten dana ez da inoz ahazten”. Halan, orain dala bost urtetik hona jo eta su dabil burruka-arteei lotuta dagozan hainbat diziplinetan, esate baterako Apkidoan, Kick Boxingean eta Yongmudoan. “Yongmudo-a taekwondoa, judoa eta apkidoa buztartzen dituan diziplinea da. Besteak beste Korea, Indonesia eta Pakistaneko militarrek erabilten dabe, defentsa pertsonal moduan. 2016. urtean munduko txapelketea egin zan Hego Korean eta brontzezko domina lortu neban bertan. Baziran urteak burrukan ibilten ez nintzala, eta pozik urten nintzan. Aurten, bigarrena lotu naz Espainiako txapelketan”. Azaldu deuskun moduan, Yongmudo diziplinan danak balio dau, hala nola ostikadak, eta besoak be apurtu leikiezan giltzak. Eta txapelketetan, militarrak eta merzenarioak izan daitekez parte-hartzaileen artean. “Eskarmentu handiko personak” dira, Juniorren esanetan, baina aitatu deusku, batzuen ustez, kirol honek euki leiken zuhurkeriatik haratago begiratu behar dala. “Helburua arerioa menderatzea da, ez hari jipoi ederra emotea; edo alderantziz”.

 

Zazpi orduko saioak

Burruka-arteen mundura berton topau dituan Ekuadorreko lagunen eskutik bueltau da. Gaur egun, garriko baltza eta lehenengo dana daukaz karatean eta Kick Boxingean; eta garriko marroia, Judoan, Taekwondoan, Apkidoan eta Yongmudoan. Era berean, Kick Boxingeko Ekuadorreko ordezkaria da Europan, eta ikasleak diziplina horretan trebatzeko ardurea dauka. Eta Ekuador ordezkatzen dau txapelketetan.

Juniorrek ezin dau aukeratu burruka-arteen artean; guztiak gustetan jakoz eta guztiek beteten deutsie. “Kirol arloko ekarpenetik aparte, diziplinea irakasten dozu, hezierea, integrazinoa, begirunea... Gainera, badago oso interesgarria dan Kung Fu diziplinaren modalitate barri bat, Chung Kan-a. Gorputzeko atalak osatzeko be baliagarria da, zelan elikatu jakiteko, zeure burua ezagutzeko...”. Diziplina horreetan guztietan trebatzeko, Juniorrek entrenamentu gogorra egiten dau egun guztietan. “Egunero sei edo zazpi orduko saioak egiten dodaz. Saio bakotxean zenbait diziplinatan ibilten naz. Karate, Kick Boxing eta Full Contact-i jagokonez, nik neuk trebatzen dot neure burua ikasitakoa gogoratuz; eta Apkidoaren kasuan, esate baterako, Bilboko gimnasio batera joaten naz astean hirutan”. Bete-beteko dedikazino horretan etxekoen babesa dau eta alabak be adierazo deutso bere urratsei jarraitu gura deutsela.

 

 

Topera

Martxoaren 8aren haritik, Juniorrek emakumezkoei zuzendutako defentsa pertsonaleko ikastaroa emon dau Zamudion. “Hamar urtetik 66 urtera bitarteko 18 emakumezko etorri dira ikastarora eta esan behar dot oso pozik nagoala irakasle lan horregaz. Ea ikastaro gehiago egiten diran!”.

Etorkizunari begira, argi dauka zeintzuk diran bere erronkak. “Asmoa daukat datorren urtean barriro Hego Koreara, Yongmudo Munduko Txapelketara, joateko. Baina oraingo honetan, irabaztera joango naz. Era berean, hainbat diziplina irakasteko klub bat zabaltzea gustauko litxakit. Burruka-arteek onura asko dakarrezala uste dot, eta erabat mesedegarriak dirala portaera arazoak daukiezan umeentzat eta lagunentzat, oro har. Izan be barrena nasaitzeko baliagarriak izateaz gainera, erreminta pedagogiko handia dira”.