Lan-gatazka, Pine Zamudioko enpresan

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 9a, 11:35

Ingeteam taldea Bizkaiko Teknologia Parkean, Zamudio eta Derioren artean dagoen enpresa bat da. Maiatzaren hasieran, enpresa bat, Pine, eta bere eskumendeko enpresen akzioen zati handi bat saldu zizkion Zima taldeari.

 

Enpresak hauek dira: Pine Instalaciones y Montaje (Derio), Pine equipos eléctricos (Zamudio), Pine security systems (Derio), Korus suministros eléctricos (Puerto Real, Cádiz), Pine SPA (Txile) eta Pine SPA (Mexiko). Enpresa horien akzioen % 90 Zimaren eskuetan dago eta gainontzeko % 10, Ingeteamek dauka. Salmenta horren haritik, Txorierrin lan egiten duten lagunak kezkatuta agertu dira, eta protestaka hasi dira.

LAB sindikatuak iragarri duen oharraren arabera, “hasiera eman diote Ingeteam taldea suntsitzeko prozesuari”. Ohar horretan, langileek salaketa batzuk egin dituzte. “Agintariek oso txarto kudeatu dute enpresa eta ondorioz, gaur egungo egoera larria da. Gainera, ez digute salmentaren berri langileoi eman, erabateko obskurantismoz egin dutelako. Eta gainera, nori eta ospe txarreko arrisku-kapitaleko enpresa bati saldu diote. Salmentak langileoi ez dizkigu ez lanpostuak, ez lan-baldintzak bermatzen. 400 langileon familien etorkizuna kolokan dago eta Ingeteam da egoeraren arduradun bakarra”.

Beraz, enprea-batzordeak bermea eskatu dio Ingeteami, lanpostuei eta lan-baldintzei eusteko. Hori dela-eta, LAB sindikatuaren arabera, langileen % 98k egin zuten greba maiatzaren 5ean. Egun berean, Pineko lagunak Ingeteam enpresaren bulegoen aurrean batu ziren. Beranduago barrura sartu ziren euren egoera salatzeko. Arratsaldean, Ertzaintza joan zen langileak kanporatzera, baina azkenean, langileek eurek erabaki zuten alde egitea. Aste honetan zehar langileek jarraituko dute protestaka eta maiatzaren 15etik aurrera greba mugagabea egingo dute. “Pineko langileak gure eskaerak azken hariraino eramateko prest gaude eta borroka da horretarako utzi diguten bide bakarra”.

Aikor! aldizkaria harremanetan jarri da enpresarekin, baina ez digute horren inguruan adierazpenik egin nahi izan.