Zamudion geurea, euskerea!

Aikor aldizkaria 2017ko mai. 10a, 14:39

Urtero moduan, Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Euskal Astea antolatu du, maiatzaren 2tik 7ra bitartean. “Zamudion geurea, euskerea!” lelopean, hainbat ekitaldi egin zituzten aste osoan zehar. Hitzordua nahiko finkatuta dago herriko egutegian eta normalean bertako euskaltzaleek bat egiten dute ekitaldiekin. Aurten ez da salbuespena izan. “Gu pozik gaude egindako ekintzekin eta horietara hurbildu den jendearekin. Betiko moduan, euskara herritik zabaltzea dugu helburu”, esan dute antolatzaileek. 

Urtero moduan, ekitaldirik jendetsuena Pirritx, Porrtotx eta Marimotots pailazoena izan zen. Horiek Tipi-tapa, korrika ikuskizuna taularatu zuten herriko kiroldegian, maiatzaren 5ean. “Guztira, 700 batu ginen pailazo gipuzkoarrak ikusteko eta nagusiok zein umeek erabat liluratuta bukatu genuen, bai ikuskizuna berarengatik, bai eszenatokitik kanpo Pirritxek eta konpainiak adierazten duten jarrerarengatik. Txapela kentzeko modukoa da”, esan dute Lagatzukoek.

Maiatzaren 2an, Itsaso Arrieta lezamarrak kanta-ikastaroa eskaini zuen. Eta musikaren haritik, antolatzaileek batez ere azpimarratu dute maiatzaren 6an Marie Irigoien eta Pantxix Bidart Lapurdiko abeslariek eman zuten kontzertua. “Oso polita eta hunkigarria izan zen, abeslariek mikrofonorik gabe abestu zutelako eta horren ondorioz, oso giro polita sortu zelako Dorretxean. Kantariak ez dira oso ezagunak, baina oso onak iruditu zitzaizkigun. Aspaldi honetan egin dugun kontzerturik onenenetarikoa izan zen, zalantzarik gabe”.

Arroeta mendi taldeak maiatzaren 7an egindako ibilaldia ere nabarmentzekoa izan da. “Bizkargi mendira joan ginen, Bizkari Egunean, hain zuzen ere. Oso mendi esanguratsua da hainbat arrazoirengatik: bere kokapenarengatik, Bizkaiaren erdian; Gerra Zibilean Bilboko Burdinezko Gerrikoan egon zelako eta bertan hainbat tiroketa egin zirelako... Txorierri mailan ere bada esanguratsua. Guk hiru ordu eta erdiko ibilaldia egin genuen, gogorra, baina oso polita”. Horietaz aparte, maiatzaren 6an, herria ezagutzeko ibilaldia egin zen umeei zuzenduta eta, gainera, Arbolantxa herriko pilota elkarteak erakustaldia antolatu zuen. Hurrengo egunean, maiatzaren 7an, Igelak pelikula eskaini zuten.

Zamudioko euskara elkarteak jarraituko du gure hizkuntzaren aldeko ekintzak egiten, eta ekainaren azken zapaturako Lagatzu Eguna antolatu du. Jai-egun horretan, azoka, musika eta herri-bazkaria egingo dira, besteak beste. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).