Yogurinha Borovak emango dio hasiera, gaur, Zamudioko Lagatzu Egunari

Aikor aldizkaria 2017ko eka. 23a, 13:00
Yogurinha Borova

Bihar, ekainaren 24an, Lagatzu Eguna ospatuko da Zamudion bederatzigarren aldiz. Lagatzu euskara elkarteak antolatzen du hori urtero, ekainaren azken asteburuan. Txorierrin egiten den euskararen jairik garrantzitsuenetarikoa da. Betiko moduan, Lagatzu Egunak euskaraz bizi eta ondo pasatzea aldarrikatzea du helburu. 

Aurten, Yogurinha Borova trabesti euskaldunak hasiera emango die ospakizunei. Borovak emanaldi bat eskainiko du gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Gorbeia eta Ganekogorta kaleen arteko plazan. 

Baina jai handia bihar izango da. Goizean, 10:45etatik aurrera, Joseina Etxeberria kazetariak Lagatzu Xtreme lehiaketa aurkeztuko du Agirre Lehendakaria plazan. “Izena dela-eta, badirudi oso lehiaketa gogorra izango dela, baina ez da horrela inondik inora izango. Guztira, 12 lagunek osatutako zortzi talde sartuko dira lehian. Taldeak oso anitzak dira, bai genero aldetik, bai adin aldetik, hau da, neska, mutilak, umeak eta nagusiak artiuko direla. Eta guztiak, zamudioztarrak. Txalogarria da euren jarrera, lehiaketaren inguruan ia ezer jakin barik eman dutelako izena. Bakarrik dakite hiru motatako probak gainditu beharko dituztela: fisikoak, musikalak eta kulturak. Azken hauek Zamudion antzina erabiltzen ziren hitzak berreskuratzea dute helburu”, azaldu digu Iñaki Atxutegi Lagatzuko kideak.

13:00ean, leku berean, euskaltzaleek Mannequin Challenge-ri egingo diote aurre, eta horri esker, minutu batzuetan erabat geldi agertuko da Zamudio. Ostean, kalejira-bira-dantza-poteoa antolatu da. Bertoko, Kantarelux, Hiru Bat eta Gazte Alai taldeak hartuko dute parte bertan.

Kalejira egin eta gero bazkaltzeko ordua izango da. Jaia beste leku batera mugituko da, Agirre Lehendakaria plazatik, Kultur Etxera. Guztira, 540 lagunek eman dute izena, denok batera herri bazkarian indarberritzeko. Aurten, Lagatzukoek  ekologiaren aldeko apustua egin dute eta plastikozko botilak izan ezik, jaian sortzen den gainontzeko zaborra biodegradagarria izango da: platerak, mahai-tresnak, edalontziak, mantelak... Hori guztia jasotzeko, antolatzaileek edukiontzi berezi batzuk jarriko dituzte jai-aretoaren alboan.

Bazkalondokoa girotzeko, Taberna Ibiltaria taldeak kontzertua eskainiko du eta han, betiko moduan, euskaltzaleek agertokira igotzeko aukera izango dute. Arratsalde osoan zehar, umeen jolasak ere antolatu dira. Jaia borobiltzeko, Trikizio taldeak erromeria eskainiko du 20:00etan. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).