Torrelarragoiti industrialdea ziurtagiri berri hau jaso duen Estatuko lehena izan da. Ekitaldia gaur, uztailaren 7an, izan da Larragoiti jauregian eta bertan, besteak beste, batu dira Igotz López, Zamudioko alkatea; Alejandro Sáez de San Pedro, CEPEko presidentea; Alexander Arriola, SPRIko zuzendari nagusia; Luz Emparanza, AENORreko Euskadiko zuzendaria; eta Alex Loustaunau, Egaz Txorierriko gerentea eta Txorierri Valley elkartearen ordezkaria.
Igotz López alkateak adierazi duen moduan, “ohore handia da Zamudiorako gure herriko industrialde bat izatea lehena marka hau eskuratzen. Eta pizgarria ere bada instalazioak bikain izateko lanean jarraitzeko, eta laster herriko beste industrialdeak eta Txorierri osokoek ere ziurtagiria eskura dezaten”. Era berean, azpimarratu ditu urte hauetan Torrelarragoitiko enpresek emandako laguntza eta egindako lana.
Arriola ere pozik azaldu da eta gogora ekarri du Euskadik kalitatea sustatzeko aspalditik duen konpromisoa, kalitatea balio erantsia baita enpresetarako. Sektore pribatuaren eskaerari erantzuna emateko, industriarako lurzoruak duen garrantzia ere azpimarratu du. “Ahalik eta kalitaterik handieneko zerbitzuak eskaintzea dugu helburu”. Bere esanetan, krisialdiaren ondorioz urte latzak pasatu ondoren, “susperraldia bizi dugula esateko moduan gaude eta Zamudioko industrialde honek gaur hartu duen ziurtagiria bezalakoak lagungarriak dira susperraldia ahalik eta arinen gerta dadin”.
160 enpresa
Emparanzak industrialdearen kudeatzaileek bertako enpresekin duten harremana goraipatu du eta azaldu ditu ziurtagiria emateko orduan kontuan hartzen diren alderdiak: oinarrizko hornidura eta zerbitzuak, lurzoruen egokitasuna, segurtasuna eta larrialdien aurrean erantzuteko gaitasunari lotutako alderdiak, eta aholkularitza-zerbitzua, banaka batzuk aipatzearren. Bere aldetik, Loustaunauk beharrezkotzat jo du enpresei ez ezik beren langileei ere azpiegitura egokiak eskaintzea.
Torrelarragoiti industrialdea 1988. urtean sortu zen, 547.000 metro karratuko azalera du eta bertan 160 enpresa inguru daude, tamaina eta sektore ezberdinetakoak. Enpresei eskaintzen zaizkien zerbitzuen artean, hauek aipa daitezke: hondakinen bilketa, gertakarien kudeaketa eta azpiegituren zainketa, informazio eta kudeaketarako proiektuak, nazioartekotze zerbitzuak, giza baliabideak kudeatzea, Networking-a eta txokoa. Bestalde, Bilbo Handian ekonomia-jarduerako dagoen lurzoruaren % 23 Txorierrin dago. Gure bailaran 2.400 enpresa inguru daude 16 industrialdetan, traktoreak diren sektoreetan aritzen direnak, hala nola biozientzia, energia era aeronautika.