“Hamaika gasolina erre”, Zamudio Racing elkartearekin batera

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 5a, 14:55

Zamudio Racing elkarteak Zamudio Racing Eguna antolatu du hirugarren aldiz, asteburu honetarako, irailaren 8 eta 9rako, alegia. 

Barikuan, Fernan tabernaren alboan, Gorbea kalean, simulagailuen txapelketa antolatu dute 18:00etarako. Ondoren, 22:00etatik aurrera, More than rock taldeak kontzertu bat eskainiko du.

Egun handia zapatua izango da. Goizean, 10:00etan, quad eta auto batzuek ibilbideak egingo dituzte hilerriko zelaian. Goizeko 11:00etan, 4x4 motako ibilgailuen erakustaldia ikusteko aukera egongo da eta hori bukatutakoan, umeentzako puzgarriak eta jolasak egingo dira. Goiza borobiltzeko, Molto markako motorren arteko txapelketa antolatu da. Eguerdiko 15:00etan motorzaleak herri bazkari batean bilduko dira. Txartelak Amairu, Crazy guitar, Fernan eta Susterrak tabernetan daude salgai.

Eta ondoren, ekitaldi nagusia egingo da, bertso rally txapelketa. Aurten, Onintza Enbeita, Mikel Goiriena, Jon Maia eta Aitor Mendiluze bertsolariek hartuko dute parte. Haiekin batera, poteoa egingo da herriko tabernetan zehar eta, gainera, bertsolariek hainbat probari egin beharko diete aurre. “Taldean gabiltzanok zaletasun bi ditugu, motorra eta bertsolaritza, eta asteburu honetan biak uztartu nahi ditugu. Gure ustez, ekitaldi ederra da edonorentzat: giro polita dago herrian, goi-mailako bertsolariak etorriko dira...”, esan digute antolatzaileek.