Motorzaleek euriari aurre egin zioten

Aikor aldizkaria 2017ko ira. 12a, 12:44

Eguraldi kaskarra egin zuen lehengo asteburuan Txorierrin eta euri zaparrada itzelak jasan behar izan zituzten Zamudio Racing elkartekoek. Izan ere, Zamudio Racing Eguna antolatu zuten hirugarren aldiz, irailaren 8 eta 9an. 

“Oso pozik gaude gure ospakizunekin: parte-hartzaileak ere pozik daude, bai jendea oro har, bai bertsolariak, baina pena izan zen hainbeste euria bota izana”, esan digute antolatzaileek.

Lehenengo egunean, simulagailuen txapelketa antolatu zuten eta ondoren More than rock taldeak kontzertua eskaini zuen. Hurrengo eguna, zapatua, egun handia izan zen. Goizean, quad eta auto batzuek ibilbideak egin zituzten hilerriko zelaian eta goiza borobiltzeko, Molto markako motorren arteko txapelketa antolatu zuten. Bazkaltzeko, paella erraldoi bat egin zuten eta eguerdian motorzaleak Kultur Etxean batu ziren hura dastatzeko.

Ondoren bertso rally txapelketa egin zen, Onintza Enbeita, Mikel Goiriena, Jon Maia eta Aitor Mendiluze bertsolarien eskutik. “Bertsolariak apur bat beldur dira, ez dakitelako hemen zer topatuko duten. Hala ere, nahiko pozik bukatzen dute eguna”, argitu dute antolatzaileek. Haiekin batera, poteoa egin zen herriko tabernetan zehar. “Euria zela-eta, karpa txiki bat eraman behar izan genuen tabernaz taberna, baina tira, ondo pasatu genuen”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).