Horretarako, hainbat ekimen antolatu dira, adin guztietako lagunei zuzenduta. Lehenengoa, 17:30etatik aurrera, bigarren eskuko produktuen azoka txikia da. Merkatariek deia egin diete herritarrei erabiltzen ez dituzten produktuak hara eramateko. Saltzaile bakoitzak aukeratuko du nora bideratzen duen han lortutako dirua: edo norberaren herritarren txartelean sartuko da; edo Zaporeak elkarteari emango dio. Elkarte horrek proiektu bi dauzka esku artean: bata Chiosen, Grezian, bertako errefuxiatuei jaten emateko; eta bestea ostalaritza eta sukaldaritza eskola bat Etiopian, Wukro herrian, sortzeko.
Gainera, 18:30ean musika izango da protagonista. Batetik, umeentzako karaokea egingo da eta ondoren, diskoteka batek girotuko du arratsaldea. Ondoren, 20:00etan, Broken Izotz herriko taldeak kontzertua eskainiko du. Jaialdia borobiltzeko, hainbat sari zozketatuko dira, urdaiazpiko bat barne. Zozketan parte hartzeko txartelak Kultur Etxean jarriko diren txosnetan lortu ahal izango dira, edariren bat eskatutakoan. “Espero dezagun herritar guztiak gure jaira hurbiltzea, eta guztiok batera ondo pasatzea”, esan du Maribel Monge merkatarien elkartearen presidenteak.