Bizikletak aparkatzeko gunea atonduko da Zamudioko tren geltokian

Aikor aldizkaria 2017ko urr. 11a, 09:23

Zamudioko Udalak uste du bizikleta eta trena garraiobide osagarriak direla, eta ildo horri jarraituz, bizikletentzako aparkalekua hasi da eraikitzen Zamudioko tren-geltokiaren alboan. 

Lanak irailean hasi ziren eta espero da urrian zehar amaituta egotea. Aparkalekua erabiltzeko, bidaiariek trenaren txartela zulatu beharko dute, baina horrek ez die gainkosturik ekarriko, zerbitzua haientzat doanekoa izango baita. Guztira, 32 bizikleta sartzeko lekua egongo da bertan. Aparkalekuak batez ere erabiltzaile mota bi izango ditu: batetik, lanera trenez joaten diren zamudioztarrak; eta bestetik, Zamudiora trenez lan egitera etortzen direnak. Aparkalekua trenbide-pasagunearen ondoan jarriko dute. Hara sartzeko arrapala txiki bat eta eskailerak eraki dituzte. Era berean, bizikletak babesteko metalezko markesina bat egingo dute.

Lekunbizeko geltokia hobetu dute

Beste alde batetik, Euskal Trenbide Sareak hainbat lan egin ditu Zamudioko Lekunbizko tren geltokia hobetzeko. Lanei esker, geltokia berritu dute eta ondorioz, sarbidea txukundu da eta bidaiarien segurtasuna eta energía-eraginkortasuna hobeak dira. Beraz, nasa luzatu, zoladura ordezkatu eta atari bat eraiki dute, bertan txartelak zulatzeko; baita kristalezko markesina bat ere. Gainera, seinaleak eta argiak moldatu eta bideozaintzarako kamerak jarri dituzte. Era berean, Zamudioko Udalak eskatu duenez, Euskal Trenbide Sareak trenbidearen inguruko landareak moztu ditu eta hesiak eta txarto zeuden egurrezko trabesak konpondu ditu. Lanak direla-eta, geltokiaren itxurak bat egin du Txorierriko gainerako geralekuen irudiarekin. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).