Eguraldi ona jai-batzordeak herritar guztiei zuzendutako jai-egitarau dotorea antolatu dau. Halan, zanudioztar guztiek topauko dabe zer egin eta zegaz disfrutau azaroaren 10etik 12ra bitartean. San Martin jaiak indartsu datoz aurten eta xehetasunak Manu Francisco kultura zinegotziak azaldu deuskuz.
Txupina azaroaren 10ean, barikuan, botako da eta pregoia oso pertsonaia bereziak irakurriko dau: Siri-k, Appleko gailuetako abotsak. “Siri-ri Iratxe Gómez Casado zamudioztarrak ipintzen deutso abotsa, eta pentsau genduan bitxia izango zala pregoia konpainia horretako tabletetan edo telefono mugikorretetan entzungai dagoen laguntzaile-aplikazioak emotea. Pregoia emoteko modu barria izango zala”. Pregoi bitxi horren ostean, kalejirea egongo da Bertokoko musikariakaz eta Gazte Elai txistu taldeagaz. Kartel lehiaketako sariak be banatuko dira. Iluntzeko 20:00etan Zamudio Izar lehiaketea izango da probalekuan. Franciscoren esanetan, oso ekintza parte-hartzailea eta arrakastatsua izan ohi da hori. Zamudioztarrek mozorroa jantzi eta euren abileziak erakusten dabez jenteaurrean. “Mortzilak eskiniko dira txosnetan, eta kontzertuak hasi aurrean suak botako dira. Hori jaietako nobedadeetariko bat da”. Trikiziok eta Dj Portik musikea ipiniko deutsie barikuko gabari.
Gazteentzako kontzertuak
“Zapatua herritar gehien batuko dan eguna izango da, ziur asko”. Umeei zuzendutako puzgarriak eta kalejirea egongo dira goizean, eta mezearen ostean kopaua eskiniko da. Arratsalderako karta txapelketea antolau da Adintsuen Etxean eta, HIRU BAT dantza taldearen eskutik, dantzen agerraldia egongo da frontoian. Zamudioko Kamara Koralak 30 urte bete dauz eta, urteurrenaren haritik, oso ekitaldi berezia antolau dabe High Felicity taldeagaz batera. Hitzordua 20:00etan ipini dabe eleizan. Ibarretukada taldearen batukadea be entzungai izango da herriko txokoetan. “Musika taldeak ekarteko orduan, batez be gazteen eritxia euki dogu kontuan. Vendetta taldea arituko da eta hareek baino lehen, Gato López taldea, SKA-P taldearen abestiak jotzen dabezanak. Espero dogu jentetza handia batzea zapatuko kontzertuetan”.
Gau luze baten ostean, eskupelota partiduak egongo dira frontoian, 10:00etatik aurrera, Arbolantxa pelota alkarteak antolatuak. Mezea eta Elizalde IGEk prestatutako umeentzako jolasak be egongo dira. Baita kalejirea be. “Con alfileres antzerki taldea talde barria da, eta autodidakta, eta lehenengo aldiz aurkeztuko dabe lan bat”. Antzerki sainetea izango da: El rey Tiburcio busca esposa. Boca Bits talde komikoaren emanaldiagaz amaierea emongo jake aurtengo San Martin jaiei.
Azaroak 10, barikua
–19:00 Txupina eta gozokiak bertaratzen diranentzat
–Pregoia, Iratxe Gómez Casadoren eskutik (Siri)
–Kalejirea, Bertokogaz eta Gazte Elai txistu taldeagaz
–Kartel Lehiaketako sariak banatzea
–20:00: Zamudio Izar Lehiaketea, probalekuan
–Mortzila txosnatan eta su artifizialak
22:30: Kontzertuak: Trikizio + Dj Porti
Azaroak 11, zapatua
–11:00 Puzgarriak, Sabino Arana plazan
–12:00 Kalejirea
–Mezea eta kopaua, eleizpean
–16:00 Karta txapelketea, Adintsuen Etxean
–18:00 Euskal dantzak HIRU BAT dantza taldeagaz, frontoian
–20:00 San Martin XXXI. Kontzertua, San Martin eleizan. High Felicity eta Zamudioko Kamara Korala
–Batukadea, Ibarretukada taldeagaz
–23:00 Kontzertuak: Gato López (SKA-P taldeari tributua) + Vendetta + Dj Markelin
Azaroak 12, domeka
–10:00 Eskupelota partiduak, frontoian. Arbolantxa pelota alkarteak antolatua
–11:00 Mezea
–12:00 Umeentzako jolasak, Kultura Etxean. Elizalde IGEk antolatua
–Kalejirea
–18:00 El rey Tiburcio busca novia antzerki sainetea, probalekuan, Con alfileres antzerki taldearen eskutik
–19:00 Boca Beats taldea komikoa, probalekuan
Zamudioko XXXII. Azokea
Azaroaren 4an eta 5ean egingo da eta, aurrekoetan moduan, Euskal Herriko nekazaritza-produkturik onenak ikusi eta erosteko aukerea egongo da bertan. Gozogintzak eta artisautzak be euren lekua eukiko dabe azokan, eta Limusin Euskadiko txapelketea izango da 25. aldiz. Era berean, dastatzeak eta erakustaldiak izango dira.
Azokeari zapatuan emongo jako hasierea. Egun horretan V. Txokolate, Gozogintza eta Artisautza Azoka egingo da, eta euskal hanburgesa eta tokiko arkumekiak dastatu ahalko dira 2,5 eurotan, txartelak aldez aurretik erosten badira. Tokiko garagardoa be eskainiko da euro batean; eta ura eta freskagarriak, 0,5 eurotan. Azokan gastetan diran bost euro bakoitzeko, txartel bat jasoko da herriko tabernetan kafe bat edateko. Txartelak azaroaren 3ra arte egongo dira salgai Adintsuen Etxean eta Lagunandre alkartearen lokalean (astelehenetan eta eguaztenetan, 17:00etatik 19:00etara). Arratsaldean musikea egongo da Kultur Etxean.
Azokearen egun nagusia domekea izango da. Kotxozulo parkean, 90 saltoki baino gehiago ipiniko dira eta, besteak beste, honeek topauko dira han: ortuariak, frutea, gaztaia, txakoli, eztia eta euskal pastela. Aurreko lerrootan aitatu moduan, Limusin txapelketea egingo da eta 110 buru aurkeztuko dira. Emeak 12 ataletan lehiatuko dira; eta arrak, lau ataletan. Atal bakotxean hiru sari emango dabez eta sari bereziak be izango dira. Animaliak zapatuan, 10:00etan, pisatuko dira. Emeen lehiaketea 12:00etan izango da; eta arren lehiaketea, 17:00etan. Animaliak domekan ipiniko dira enkantean, eta ondoren, sariak emongo dira.
Idi-probak
Azaroaren 3an, 4an eta 6an, 20:30ean. Zamudioko lagun probazaleak taldeak antolatua. Sarrerea doakoa izango da.