Logoa
Logoa
aikor.eus

Orratzez lotutako antzerki-txatalak

  Taldeak eta Elkarteak  Zamudio
Orratzez lotutako antzerki-txatalak

Con alfileres Zamudioko antzerki taldea

Izar berriak ditugu Txorierrin, Zamudion hain zuzen ere. Eta euren gaitasuna San Martin jaietan taularatu zuten jendaurrean, El rey Tiburcio busca novia sainetea antzeztu zuten-eta. Hala ere, hori ez da lehenengo aldia izan ikuskizuna eskaini dutena, Arimen Gauean Zugarramurdiko sorginei egindako epaiketa jokatu zutelako. Ana Gorostitzaga aktoreetariko bat da, eta bere eskutik ezagutu dugu zer dagoen agertokiaren atzealdean.

Con alfileres antzerki taldea oso talde gaztea da, orain dela urte bi sortu zena eta sei aktore afizionatuk osatzen dutena, hiru emakumezkok eta hiru gizonezkok. “Ahizpak eta biok taberna bat genuen eta urtero jai bat antolatzen genuen, tabernaren urteurrena ospatzeko. Urte batean David Manteca, taldeko zuzendaria, azaldu zen eta komentatu zigun aktorea zela, eta zergatik ez genuen urteurrenerako antzezlan bat egiten. Animatu ginen eta arrakastatsua baino arrakastatsuagoa izan zen”, azaldu digu Anak.

Publikoari hainbeste gustatu zitzaion ikuskizun hori, eta aktoreek hain ondo pasatu zuten, ezen aurtengo urteurrenerako beste antzezlan bat egitea erabaki baitzuten. Entseguak tabernan bertan egiten zituzten. Arrazoi pertsonalengatik taberna utzi behar izan dute aurten, baina eragozpen horrek ez die antzezteko gogoa kendu. “Antzezlana udan eskaini genuen azkenean, kalean bertan. Eszenatokia kamioi batean atondu genuen… Taldeari horregatik ipini diogu Con alfileres izena, dena egiten dugulako baliabide gutxirekin eta ahal den moduan”. Baliabide gutxiko ikuskizuna izan arren, horrek ere herritarren oniritzia eduki zuen eta akuilua izan zen taldekideek udalari entseguak egiteko aretoa eskatzeko. “Kultura Etxeko areto nagusia utzi digute eta primeran gaude han. Bestetik, arropa eta atrezzoa ere geuk egiten dugu eta dagoeneko baditugu tramankulu batzuk. Leku egokia behar da horiek gordetzeko eta –esan digute–, behar izanez gero, udal biltegi batean utzi ahalko ditugula”.

Arestian esan bezala, taldean sei aktore daude; hala ere, ikuskizunaren konplexutasunaren ondorioz jende gehiago behar dutenean, lagunak-eta nahasten dituzte proiektuan. “Zugarramurdiko sorginei egindako epaiketa antzezteko, esate baterako, aktore gehiago behar genituen eta, egia esan, oso ondo erantzun zuten guztiek. Polito atera zitzaigun antzezlana, eszenaratzea ederto egon zen, baina soinuak huts egin zuen eta horrek lausotu zuen emanaldia. Pena izan zen, entseguei gogor eta gogoz ekin genielako… Haserre handia harrapatu nuen”.

 

 

Ausardia

Taldeari Jose Cedenaren umorezko saineteak antzeztea gustatzen zaio. “Saineteak hartu eta apur bat moldatzen ditugu, gurera egokitzeko. Euskarazko hitzak sartzen ditugu, adibidez”. Moldaketak Anak berak egiten ditu. “Eszenaratzea itzela da. Nerbioak dantzan dituzu eta ez dakizu agertokira atera nahi duzun ala ez, ondo egingo duzun, ikasitakoa gogoratuko duzun… Oso gai serioa da eta oso ausarta izan behar da, eszenatokira igotzeko… Baina poz- pozik gaude”. Batez ere publikoak ondo erantzuten duenean. “Antzezlana kamioian egin genuenean ez ziguten uzten ezta handik jaisten ere. Musuak eta besarkadak jasotzen genituen alde guztietatik. Jaietako ikuskizuna ere oso arrakastatsua izan zen, herritarrek zorionak eman zizkiguten ondorengo egunetan. Eta batzuek sorpresa hartu zuten eszenatoki gainean ikusi gintuztenean. Sorpresa atsegina”.

Gainera, ikusleen artean zegoen neska batek Mungian antzezteko proposamena egin zien. “Neska horrek nagusien erresidentzia batean egiten du lan eta ekintza ludikoak antolatzeko ardura du. Baietz erantzun genion, pozarren. Guk ez dugu dirurik jasotzen emanaldiengatik; zaletasunagatik egiten dugu, antzeztu baino ez dugu egin nahi”. Izan ere, Anaren esanetan, gustatzen bazaizu, antzerkiak kezkak alde batera uzten laguntzen dizu, ondo pasatzen, arreta beste gauza batzuetan ipintzen… “Nahasten eta betetzen zaituen artea da, berarekin batera ekartzen dizkizun gauzengatik: jendea ezagutu, istorioak… Egunero ikasten duzu, asko. Nik ederto pasatzen dut, barre piloa egiten dut eta aldaketa itzela ekarri dit. Ez nekien ezer antzerkigintzari buruz eta txundituta nauka”.

Antzerki taldean nahi duenak har dezake parte: umeek, gazteek zein helduek eta nagusiek. Entseguak Kultura Etxean egiten dituzte, martitzenetan eta eguaztenetan arratsaldeko 7etatik aurrera, eta zapatuetan, goizeko 10etatik aurrera. “Gure asmoa da herriko jaietan ikuskizun bat egitea, maiatzean eta azaroan”. Badakizue, ikusleok, Con alfileres antzerki taldekoek atsegin handiz ikusiko zaituztete hurrengo emanaldian. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Orratzez lotutako antzerki-txatalak - 1

Orratzez lotutako antzerki-txatalak - 2

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa