Berdintasunaren aldeko pilotakadak

Aikor aldizkaria 2018ko mar. 12a, 14:20

Binakako Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketaren lehen mailako final-laurdenaren bigarren jardunaldia Zamudion jokatu zen atzo, martxoaren 11n. Jaialdia  Martxoaren 8aren haritik, Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik antolatu zen. 

“Oso polita izan zen, pilotariak fin ibili zirelako eta batez ere Zamudioko frontoia jendez gainezka egon zelako. Zortzirehun eserlekuko frontoian egin izan bagenu, hori ere beteko genukeen. Halaber, EiTB kateak partidak igarri zituen eta, hori zela-eta, ikusle-kopuru izugarria lortu zuen. Beraz, guztiok pozik gaude”, esan dute antolatzaileek.

Zoritxarrez, ez dago txapelketan jokalari txorierritarrik, baina gure bailarako neska batzuk aritu ziren lagun arteko partida batean. Yaiza Carrascal zamudioztarrak eta Libe Barrenetxea larrabetzuarrak 22-19 irabazi zieten Uxue Pérez lezamarrari eta Maddi de Abajo larrabetzuarrari. “Emaitza ez zen garrantzitsuena, harrobiko neskak lehian ikustea baizik. Lau neska horiek txorierritarrak dira eta egunen batean, ziur asko, txapelketan jokatuko dute”.  

Gazteen ostean, nagusien txanda izan zen. Lehenengo partidan, Maider Mendizabalek eta Miren Larrartek 8-18 irabazi zieten Nagore Bilbaori eta Arrate Bergarari; eta bigarrenean, Patri Espinarrek eta Eneritz Arrietak, 18-14, Amaia Araiztegiri eta Maddi Mendizabali. Azken horiek partida galdu arren, puntu gehien lortu zituen bikotea izan zenez, finalerdia jokatzeko txartela ere eskuratu zuten eta berriro arituko dira Espinar eta Arrietaren kontra, finalerako sailkapena lortzeko. 

Hori hurrengo asteburuan, martxoaren 18an, izango da. Izan ere, txapelketaren hurrengo fasea, finalerdia, jokatuko da Oñatiko pilotalekuan. Promozio mailan hauek izango dira norgehiagokak: Alaitz Badiola (Azpeitia)-Ohiana Orbegozo (Azpeitia) Vs Maddi Unanue (Azpeitia)-Naroa Agirre (Zestoa); eta Amaia Vicario (Azpeitia)-Ainhoa Urien (Abadiño) Vs Nagore Aramendi (Azpeitia)-Ohiana Unanue (Azpeitia). Era berean, Lehenengo mailan, hauek izango dira partidak: Miren Larrarte (Bidania)-Maider Mendizabal (Anoeta) Vs Olatz Arrizabalaga (Gernika)-Leire Etxaniz (Etxebarria); eta lehen aipatutako Amaia Araiztegi (Mallabia)-Maddi Mendizabal (Zaldibia) Vs Patri Espinar (Usansolo)-Eneritz Arrieta (Azkoitia). Aurreko fasean gertatu zen moduan, EiTB telebista kateak zuzenean eskainiko ditu partidak.   

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).