Azaldu duten moduan, gizarte guztiari doako tresna bat eskaini diote, erabilerraza eta nork bere aisialdia antolatzeko balio duena. Era berean, plataforma bat eskaintzen diete herri elkarteei, euren ospakizun berri eman dezaten.
“Gure herriak ez du parekorik kalea betetzeko orduan. Herri eta kultur elkarteek sekulako lana egiten dute hori horrela izan dadin, eta geuk ere, ahal dugun neurrian, lan egingo dugu luzaroan horrela izan dadin”, esan dute Patxi Koop-etik. Jaiek lanpostu asko sortzen dutela ere azpimarratu dute. “Modu zuzenean edo zeharkakoan, eta gure asmoa jaietatik bizi diren enpresei eta langile autonomoei tresna erabilgarri bat eskaintzea ere bada”.
Bizkaiko jaien bilatzailea oso erraza da erabiltzen. Hasieran aipatutako webgunean egutegi bat dago eta bertan ikus daiteke zein herritan dauden jaietan. Jai bakoitzak menu zabalgarria dauka eta jai-egitaraua edo kartela argitaratu badira, horiek ere ikus daitezke bertan. Horrezaz gainera, leku edo egun zehatz batean zer dagoen jakin nahi bada, bilatzailea horretarako ere erabil daiteke, eta edukia ordenagailuan, tabletean edo eskuko telefonoan deskargatu.
Patxi Koop enpresak zerbitzua ematen dio Bizkaiko txosnen % 80ri. “Txosnak zerbitzatzen adituak garenez, badakigu jaiek zenbat jende mugitzen duten, eta zer den ospakizun handi bat martxan jartzea. Horrek kultur elkarteei, konpartsei eta jai-batzordeei zenbat lan ekartzen dien ere badakigu. Horregatik eskaini nahi izan diegu tresna erabilgarri bat, alde batetik, kalera atera eta jaiez gozatu nahi dutenei; eta bestetik, jaiak antolatzen dituztenei, egindako ahalegina zabaltzeko modua izan dezaten”.