Jaiak irudietan batuko dira

a: Gaizka PeƱafiel 2018ko mai. 16a, 10:33

Zamudioko Pazko jaiak

Izan be, argazki lehiaketa egingo da lehenengo aldiz. Beste nobedade bat barikuko umeentzako berbenea da. Pazko jaiak maiatzaren 18tik 21era izango dira aurten.

Aurreko urteetan egin daben moduan, Eguraldi Ona jai-batzordeko kideek zamudioztar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu dabez aurtengo Pazko jaiei begira. Bisitariek be zer ikusi eta zertaz disfrutau eukiko dabe.

Itziar Landeta kultura zinegotziak eta jai-batzordeko kideak azaldu deuskunaren arabera, nobedade nagusi bi egongo dira jaietan. “Alde batetik, argazki lehiaketa egingo da. Gaia “jaiak” izango da, eta bertan gura dauan guztiak parte hartu ahalko dau eta gura dauan beste argazki aurkeztu. Irudirik politenak saritu egingo dira. Bestetik, umeentzako berbenea izango da jaietako lehen egunean, barikuan. Txupinazoa bota ostean, kalejiran urtengo dogu Kultura Etxeraino eta berbenea bertan egingo da”. Umeentzako berbeneak gaueko 11ak arte iraungo dau. Ordu horretan, nagusientzako kontzertuak izango dira. “Tributuak modan ipini dira eta Zamudiora Picadura taldea ekarriko dogu. Barricada taldearen abestiak joten dabez”. Igaz moduan, kuadrilen txapelketea egongo da asteburuan zehar.  

Zapatuan, Sukalki eta Tortilla txapelketak egingo dira Bidekoetxe parkean. Umeentzako jolasak  egongo dira, kalejirea, dantzak eta abesbatzen kontzertua. Sakatu elektrotxarangak herriko bazterrak girotuko ditu. “Gauean Esne Beltza taldeak joko dau. Gazteek proposatutako musika taldea da eta ahalegindu gara ekarten”. Hareekaz batera, La Basu rap abeslaria eta Akerbeltz taldea igoko dira agertokira.

Gonbidapena herritarrei

Pelota partiduak antolatu dira domeka goizerako. Era berean, umeentzako jolas-parkea eta kalejirea egongo dira. “Orain dala urte bi-edo bakarrizketa bat antolatu zan eta oso arrakastatsua izan zan. Horregaitik erabagi dogu aurten be egitea. Itxiera polita izango dala pentsau dogu. Txabi Franquesa bakarhizketariaz gainera, De Mode Quartet be arituko da arratsaldean. Ikuskizun ezbardin bat eskaintzen dabe, a capella abesten dabelako, umorea eta antzerkia buztartuz. Publiko guztientzako ekitaldia da”.

Pazko jaiak antolatzeko orduan, Eguraldi Ona jai-batzordeak herritarrek zein bisitariek jaiez disfrutatzea eta egongo diran ekintzetan parte hartzea euki dabe helburu. “Espero dogu guztiok ondo pasetea, jaietan errespetuz gozatea eta eraso sexistarik ez egotea”. Jai-batzordetik eskerrak emon gura deutseez jaiak antolatzeko batzarretan zein jaietan bertan parte hartzen daben alkarte eta partikular guztiei. “Edade ezbardinetako herritarrak be animatu gura doguz jai-batzordean parte hartzera. Izan be, laguntzea eta idea barriak behar doguz, guztiok disfrutateko moduko jai-egitaraua antolatzen jarraitu ahal izateko”. Hor doa gonbidapena, beraz.    

 

Jai-egitaraua

Maiatzak 18, barikua

18:00 Txupinazoa eta karameluak botatzea, plazan. Kalejirea, Bertoko eta Gazte Elai taldeakaz.

19:00 Perretxiko jana, Kultur Etxean.

20:00 Umeentzako erromeria, Kultur Etxean.

23:00 Kontzertuak, plazan: Picadura + Urrats.

 

Maiatzak 19, zapatua

Sukalki txapelketea, Bidekoetxe parkean.

09:00 Izena emotea, Sukalki eta Tortilla txapelketetan. Bidekoetxe parkean.

11:00 Umeentzako jolasak Elizalde Guraso Alkartearen eskutik eta zaldi gainean ibiltzea. Bidekoetxe parkean.

12:00 Kalejirea, Zamudiotik.

14:00 Sukalkia eta tortillak aurkeztea. Sariak emotea, Bidekoetxe parkean.

18:00 Dantzak, Hiru Bat dantza taldearen eskutik. Kultura Etxean.

20:00 Udabarriko kontzertuak, eleizan: Elai Alai orfeoia (Portugalete), Iruarrizaga abesbatzea (Igorre), Salus (Iruña) eta Zamudioko Kamara Korala.

20:00 Txaranga, kaleetatik zehar.

23:00 Kontzertuak, plazan: La Basu + Esne Beltza + Akerbeltz.

 

Maiatzak 20, domekea

10:00 Umeen esku-pelota partiduak, frontoian. Arbolantxa Pilota Alkarteak antolatua.

11:00 Mezea.

12:00 Umeentzako jolas-parkea, Kultura Etxean.

12:00 Kalejirea.

16:00 Umeentzako jolas-parkea, Kultura Etxean.

18:00 Bakarrizketa: Txabi Franquesa + De Mode Quartet.

Koadrilen eta Argazki Txapelketen sariak emotea.

 

Maiatzak 21, astelehena

12:00 Mezea. Ostean, kopaua eleiz atarian.

16:00 Mus eta Briska txapelketak, Adintsuen etxean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).