Magalarte Zamudio upeltegiak irudi eta txakolin berriak aurkeztu ditu

Aikor aldizkaria 2018ko mai. 25a, 15:03

Jabi Aretxabaleta eta bere familiak ustiategiaren ateak ireki dituzte gaur goizean, irudi eta txakolin berriak aurkezteko. Goizean, gonbidatu batzuk baino ez dira egon, baina gaur arratsaldean, 19:30etik aurrera, nahi duenak familia eta bere txakolinak zuzenean ezagutzeko aukera izango du.   

Aretxabaletatarrek 150 urte daramate txakolina egiten. Jabi eta familiak eutsi egin diote ohiturari eta gaur egun txakolin bi egiten dituzte: Zabalondo eta Magalarte Zamudio. Gaur, beste bi aurkeztu dituzte. “Batak, Aretxabaleta izenekoak, omenaldia egiten die gure arbasoei, txakolina egiten hasi zirenei; eta bestea, upelean irakina, oso goxo dago”, esan digu Landerrek, Jabiren semeak. Landerrek berak eta bere arrebak, Haizeak, bat egin dute gurasoekin eta haiek ere egiten dute lan bodegan, bere etorkizuna bermatzeko. Irudi berria belaunaldi berriaren isla da. “Txakolina ekoiztea ez da ogibidea, familian disfrutatzen duzun bizimodua baizik”, aipatu du Jabik.   

Arratsaldean, Magalarte Zamudio bodegak zuzenean ezagutzeko gonbidapena egin die herritar guztiei. “Ekitaldi txiki bat egingo dugu. Oso garrantzitsua da jendea gurera etortzea eta gu ezagutzea”, esan du Haizeak. “Eskerrak eman nahi diegu bezeroei eta batez ere Zamudioko lagunei. Izan ere, aspaldian Jabik istripu bat izan zuen mahats-bilketaren garaian eta herriak izugarrizko babesa eman zigun. Ez genuen artazi nahikorik guri laguntzera etorri zirenen artean banatzeko ere (kar, kar)”, gaineratu du Estik, Jabiren andreak.

 

Goizeko ekitaldia

Goizeko aurkezpena Jon Gómezek egin du, eta hainbat lagun batu dira bertan. Besteak beste, Elena Unzueta, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko saileko diputatua; Igotz López, Jon Ander Aurrekoetxea eta Josu Andoni Begoña Zamudio, Lezama eta Loiuko alkateak; Antxon Txapartegi, Bizkaiko Txakolina Jatorri-Deiturako idazkaria; Iñaki Suárez sommelierra; eta Aitor Elizegi sukaldaria.

“Oso pozgarria da jende gazteak lekukoa jasotzea eta ustiategien etorkizuna bermatzea. Etorkizun oparoa izango duzue”, esan du Txapartegik. Ildo honi jarraituz, Elena Unzuetak eskerrak eman dizkie aretxabaletatarrei. “Oso profesionalak zarete eta ziur nago lan txukuna egiten jarraituko duzuela. Gazteek ikusi behar dute Lehenengo sektorean ere atera ahal dela bizimodua eta zuek eredugarriak zarete zentzu horretan. Zorte on guztioi!”.

Igotz Lópezek tokian tokiko ikuspuntua eskaini du. “Zamudio, zuek barik, ez zen gauza bera izango. Belaunaldi berri bat sartu da bodegan eta oso gogotsu, gainera. Familia bat zarete, argi utzi duzue, eta gu oso pozik gaude, herrian oso inplikatuta zaudetelako. Ziur nago gaur arratsaldean jende pilo bat ere etorriko dela”.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).