Dantza erreleboka, Lagatzu egunean - euskal jaian

Aikor aldizkaria 2018ko eka. 28a, 11:18

Zapatuan, ekainaren 30ean, Lagatzu eguna- euskal jaia ospatuko da Zamudion. Aurtengo zatirik nagusiena dantzari eskainiko jako.

Eguneko ospakizunak eguerdiko 12etan hasiko dira Zamudioko Kultura Etxean. Hor dantza agerraldi berezia izango da. Ohiko agerraldia izan barik, dantzarien arteko erreleboak egingo dira. Dantzariak dantzagunetik sartu eta urtengo dira etenbarik Banango dantzaren soinuan. Erreleboak hasi aurretik, Lagatzu Euskera Alkarteak omenaldia eskainiko deutse Zamudioko edadeko dantzari eta musikoei. Honeek egingo dabe eguneko lehenengo dantza.

Antolatzaileek, bertoko dantzariekin, 90 errelebo izatea espero eben, baina partehartzaile kopurua espero baino haundiagoa izan da eta erreleboak ziurtatuta dagoz soberan. Pertsona 1eko erreleboak izango dira, 2koak, 4koak, 5ekoak eta 8ra artekoak. Familiek, kuadrillek, bikoteek eta Zamudioko alkarteek osatuko dabez erreleboak. Dantzarien, musikoen eta antolakuntzaren artean 150 pertsonak baino gehiagok hartuko dabe parte ekitaldian. Azken asteotan Zamudioko pertsona batzuk ikastaro baten praktiketan egon izan dira Banango dantza fundamentuz egiteko.

Herriko musikariek joko dabe musikea estilo ezbardinetan, Banango dantzaren melodia bera mantentzen. Entzungo dira txistulariak, albokariak, trikitilariak, txalapartariak, koralistak,... taldeka edo banan banan. Zamudioko musika talde ezbardinek be erreleboak egingo dabez eszenatoki bitik musika gelditu ez daiten. Ekitaldiaren asmoa da harridurea sortu ikusleen artean, ikusirik zenbat estilotan eta tresnakin dantza leitekean Banango dantza. Bertsolariek be bertsoak kantatuko ditu dantzarien erreleboak burutzen diran bitartean. Azken erreleboaren ondoren, dantzari eta musiko guztiek goizeko azken Banangoa joko eta dantzatuko dabe batera.

Jarraian, Pitx dantza hasiko da, eta bertan ikusle guztiak egongo dira gonbidatuta laguntzera, eta honen ondoren, danak batera biribilketan joango dira Zamudion zehar. Biribilketa Kultura Etxean amaituko da eta bertan Kaxarranka dantza eskainiko da. Dantzaren ondoren herri bazkaria izango da, bazkalostean Taberna ibiltaria izango delarik. Honen ondoren berbena izango da Trikiziogaz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).