“Iaz ere hartu nuen parte lasterketan, baina patxadaz ibili nintzen. Aurten, aldiz, lehenengoen artean gelditzea nuen helburu eta hori lortu egin dut. Iaz baino ordubete lehenago heldu naiz helmugara. Oso pozik nago ni neure buruaren kontra sartzen naizelako lehian”, esan digu txirrindulari zamudioztarrak.
Pedals de Foc Non Stop Europako ultramaratoirik gogorrena da. Ibilbideak 213 kilometroko luzera dauka eta desnibela 6.200 metrokoa da. Txirrindulariek 5:00etan ematen diote hasiera lasterketari eta aurtengo edizioan irabazleak 10 ordu eman zituen ibilbide osoa egiteko. Bere aldetik, Rubének 12 ordu baino gehiago eman zuen bizikletaren gainean, 12:44:57, hain zuzen ere.
Pedals de Foc Non Stop lasterketa 2006an egin zen lehenengo aldiz eta harrezkero, gero eta lagun gehiagok hartzen dute parte bertan. Aurten, esate baterako, 11 herrialde ezberdinetatik etorritako 1.000 txirrindulari inguru aritu dira lasterketan. “Batzuk lehian sartzera joaten dira hara eta beste batzuk, ondo pasatzera. Nire kategorian 60 lagunok hartu dugu parte. Ibilbidea alde batera utzita, lasterketa oso gogorra da erreferentziarik ez duzulako, ez dakizu beste txirrindulariak zelan dabiltzan. Gainera, lasterketa oso luzea da eta ez dakizu zer gertatuko den, gorputzak erantzungo dizun…”.
Rubének bitxitegia dauka Zamudion, baina aisialdia bizikletaz ibiltzen ematea gustatzen zaio. “Urtean 300 egun ibiltzen naiz bizikletaz. Izugarri gustatzen zait, erlaxatzen nauelako. Emaztea kokotaraino dago, baina horrela jarraituko dut ahal dudan arte”. Hurrengo saioa Lezaman egingo du aste bi barru.