Zamudio taldeak denboraldi-aurre solidarioa egingo du Afrika Erdiko Errepublikan

Aikor aldizkaria 2018ko uzt. 25a, 12:13

Zamudio KE oporretan dago, baina laster hasiera emango dio denboraldi-aurreari. Aurtengoa berezia izango da, partidu batzuk non eta Afrikan jokatuko dituztelako, Afrika Erdiko Errepublikan, hain zuzen ere. Ez, Zamudiok ez du nazioarteko birarik egingo, Real Madril edo Bartzelona taldeek egiten duten moduan. Talde txorierritarra proiektu solidario batean murgildu da eta elkartasuna eramango du Afrika aldera abuztuaren 3tik 12ra bitartean. Zamudio KE bertan jokatzen duen Europako lehenengo taldea izango da.

“Kirolaren bidez balioak helarazi nahi dizkiegu. Jendeak ez daki herrialde hori existitzen dela ere. Afrika Erdiko Errepublika munduko herrialde pobreenetariko bat da, nahiz eta hainbat baliabide natural izan –kafea, kotoia, tabakoa eta batez ere diamanteak–. Eta gainera, gerran daude. Guk partidu batzuk jokatuko ditugu hiriburuan, Bangui hirian, eta umeei zuzendutako campus bat ere antolatuko dugu”, azaldu digu Fidel de Prado presidenteak.

Proiektua duela pare bat urte hasi zen. Fidel harremanetan jarri zen José Ramón Gaztelurrutia, Fútbol por la Paz-Alto el Fuego elkartearen kidearekin, bere emaztea Zamudiokoa delako. Gaztelurrutiak lan-eskarmentua du erakunde publikoetan eta Afrika Erdiko Errepublikako ordezkaria da Estatuan. “Hasiera batean, hango selekzioaren kontrako partidu bat antolatu nahi izan genuen hemen, Zamudion, baina gerra zela-eta liga bertan behera geratu zen eta jokalariek alde egin zuten. Beraz, hara joatea erabaki genuen”.

Proiektua kirolaren mugetatik baino harago doa, Estatu espainiarraren eta Afrika Erdiko Errepublikaren arteko harremanak piztu nahi dituztelako. Izan ere, gaur egun herrialde afrikarrak Estatuan enbaxadarik ere ez dauka. Gaztelurrutiak proiektuaren berri eman zion Faustin Arganche-Touadera presidente afrikaerditarrari, eta Espainiako agintariak ere badaude jakinaren gainean. Eta, horrela, Patrice Edourd Ngaissona Afrika Erdiko Errepublikako futbol federazioaren presidenteak Zamudio bisitatu zuen 2017ko irailean. Eta bere semea, Thyron Ngaissona, zaletu mailako Zamudioko taldean ibili zen entrenatzen.

Ez da harritzekoa, beraz, proiektuak mundu mailan oihartzun handia izatea. “Hedapen handiko komunikabide batzuek eman dute gure bidaiaren berri, besteak beste, Reuters, Espainiako Telebista eta Europa Press. Eta beste talde batzuek proiektuan parte-hartzeko interesa adierazi dute. Afrika Erdiko Errepublikako umeek, futbolaz berba egiten dutenean, Bartzelona, Real Madril eta Zamudio aipatzen dituzte. Zamudio herriari buruz mundu mailan hitz egingo dute”.

Segurtasuna

Proiektuaren inguruan, kezka bi agertu dira: dirua eta segurtasuna. Baina Fidelek biak argitu dizkigu. "Bidaia nazioarteko enpresa batzuek ordainduko dute; ez hemengo enpresek, ez klubak. Segurtasunari dagokionez, esan behar da gatazka nagusia hiriburutik kanpo dagoela. Gainera, bertako armadak babestuko gaitu. Ez luke zentzu handirik izango guri kalte egitea, laguntzera joango garelako. Horri lotuta, jokalari batzuek beren zalantzak adierazi dizkigute. Guk ez dugu inor behartuko hara joatera, eta jokalari nahikorik ez balego, Espainiako Jokalarien Elkarteak (AFE) behar beste jokalari bidaliko dizkigute. Tira, herrialdearen egoera ona izango balitz, ez ginateke gu joango, Real Madril baizik, baina ez gara beldur".  

Ez da zamudioztarrek elkartasuna adierazten duten lehendabiziko aldia. 2012an, esate baterako, laguntza eskaini zion Zamudioko Udalari Saharako umeak hartzeko. Gainera, kamisetak bidali dituzte Tindoufeko kanpamentuetara, Indiara eta Nepalera. Medicos Sin Fronteras elkarteak Zamudio KEri erakutsitako esker ona ere bada beste adibide bat.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).