Bariku arratsaldean, argazkilaritza-erakusketa antolatu zen Fernan tabernan. Horietan Zamudio Racing Elkarteko rally gidariak egon ziren ikusgai, baita azken hamar urteotan taldeak antolatu dituen hainbat ekitaldi ere: rallya, triala, slaloma… Hurrengo egunean, goizean, jolasak eta puzgarriak ipini ziren, batez ere umeek ondo pasatzeko: simulagailuak, scalextricak… Gainera, rally autoen erakusketa egin zen. Taldeko gidarien autoak ikusteaz gain, lagun batzuek ere ekarri zituzten ibilgailuak: Aitor Saizar (Ford MK2); Iñigo Olabe (BMW M3)… Goiza borobiltzeko, Grupo Ambuiberica enpresako langileek lehenengo sorospenen erakustaldia egin zuten.
Zapatu arratsaldean, bertso-erronka izan zen. Antolatzaileen esanetan, publikoa bertsolariak bezain pozik ibili zen. Beraz, datorren urtean ere badute ekitaldiarekin jarraitzeko asmoa. “Pentsatu genuen berriro ez egitea, baina jendeak primeran pasatu zuen. Datorren urteari begira, agian data aldatuko dugu, oporretatik bueltan erronka antolatzea oso erakargarria ez delako”.