Zamudio Herri txiki infernu handi telebista-saioaren protagonista izango da San Martin egunean

Aikor aldizkaria 2018ko urr. 18a, 13:15

Programa herriko frontoian grabatu zen urriaren 11n eta hilabete bat beranduago, azaroaren 11n, igorriko dute ETB-1 katean.

Grabaketa Zamudioko frontoian egin zen eta “herri osoa” batu zen bertan, Iñaki Atxutegi Lagatzuko euskara elkartearen kideak esan digun moduan. “Erdian eserlekuak jarri ziren eta horiek leporaino bete ziren. Beraz, jendea alboko harmailetan eseri zen. Primeran pasatu genuen giro itzela egon zen-eta. Denetariko lagunak hurbildu ziren: gazteak, nagusiak, familiak… Guztiek jakin-min handia zuten, saioan nortzuk agertzen ziren ez zekitelako”.

Aurkezpena egin baino lehen telebistako lagunek bizpahiru egun eman zituzten herrian gora eta behera, zamudioztarrak elkarrizketatzen. “Gabriel Etxebarria, Zorione Santa Cruz eta Esther Garai, Josean Uriarte, Soba familia... Nik Geroni egindako elkarrizketa aipatuko nuke bereziki. Emakumeak 91 urte ditu eta telefono mugikorra dauka (kar, kar). Guztira, 25-30 lagunekin hitz egin zuten, baina horietako zortziren bat bakarrik agertuko dira saioan”, adierazi du Iñakik.

Proposamena, Lagatzutik

Saioa egiteko proposamena Lagatzu euskara elkarteak egin zuen 2017ko Gabonetan. Eta azkenean, ia urtebete beranduago, EiTBkoek egin dute saioa. “Guztiok dakigu Zamudio nolako herria den, euskarari dagokionez. Guk, telebista-saioari esker, herriari kutsu euskaldun bat eman nahi izan genion, behintzat egun batean. Borobiltzeko, saioa Zamudioko urteko jairik garrantzitsuenean, San Martin egunean, hain zuzen ere, kaleratuko dute”.

Herri txiki infernu handi saioak Euskal Herriko herri txikiak bisitatzen ditu, Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik, eta horiek “Herri txiki, infernu handi” esaera zaharra hankaz gora jartzea dute helburu. Zenbait herritar elkarrizketatu ostean, izandako esperientziari buruzko bakarrizketa egiten dute euren aurrean. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).