Azken mendekua

Aikor aldizkaria 2018ko aza. 7a, 09:57

San Martin jaiak, Zamudion 

San Martin jaiak azaroaren 9tik 12ra bitartean ospatuko dira Zamudion. Herriko jai nagusiak dira, eta, igaz moduan, Vendetta musika taldeak aurton be eskainiko dau kontzertua berton. Saio berezia izango da, nafarrek Bizkaian emongo daben azken kontzertua izango dalako. Gainera, besteak beste, dantzek, umeentzako ekitaldiek eta azokak osatuko dabe jai-egitaraua. 

Jarraitutasuna izango da aurtengo Sanmartinen ezaugarri nagusia. Izan be, jai-egitarauak nobedade gitxi dakar. "Gauza barriak egitea gustauko litxakigu, baina urtero ezin da egin: horretarako nahiko dirurik ez dogulako, proposamen barririk ez dagoalako.... Dana dala, pozik gagoz, zerbait ondo badabil eta jenteari gustatzen bajako, zergaitik aldatu?", esan deusku Manu Francisco Zamudioko Udaleko zinegotziak. Manugaz batera, hainbat lagun dabilz lanean jai ederrak prestatzeko, Eguraldi ona jai batzordean. "Herriko taldeek bat egiten dabe jaiakaz, batez be Arbolantxa Pelota alkarteak, Guraso Alkarteak, HiruBat dantza taldeak eta Zamudioko Kamara Koralak".

Ekitaldi nagusietako bat Vendetta taldeko kontzertua izango da. Naparrek musikea utziko dabela iragarri dabe eta Zamudion emongo dabe Bizkaian eskiniko daben azken kontzertua. "Vendetta bezalako taldeek adin guztietako jentea erakartzen dabe eta aurton kontzertua lehenago izango da: 01:00ean izan beharrean, 23:30an izango da, gurasoek holan eskatu deuskuelako". Oxabi eta Puro Relajo taldeek eta disk-jockey bik –Markelin eta Paco Sánchez– osatzen dabe gabeko musikaren eskaintza. Era berean, “Zamudio Izar” lehiaketea eta San Martin XXX. Kontzertua be antolatuko dira. Azken horretan Tantak (Mungia), Xatz Eskifaia (Hondarribia) eta Nurat (Gasteiz) arituko dira.

Publiko gaztea oso garrantzitsua da jai-batzordekoentzat. "Azken bolada honetan, gero eta gazte gehiago inplikatzen dira jaiak prestatzeko lan-taldean. Eta hori benetan eskertzekoa da. Azken urteotan antolatu doguzan kontzertuak ez dira oso arrakastatsuak izan eta hareen ekarpenari esker, musika taldeak herriko gazteen gustukoak izan dira”.

Ruben Glera

Jaietako beste protagonista bat Ruben Glera izango da, horrek jaietako pregoia botako daualako. Rubének bitxitegia dauka herrian eta oso ezaguna da herritarren artean. "Hainbat alkartetan dabil, Zamudio Kirol Alkartean, esate baterako. Gainera, goi-mailako kirolaria da, txirrindularia, eta askotan kanpora eroaten dau Zamudioko izena. Rubenek herria daroa bihotzean eta bazan ordua hemen, bere herrian, omenaldi txiki bat eskaintzeko".

Jaiak azaroan ospatzen dira eta eguraldiak izugarri baldintzatzen dauz ospakizunak. "Egia da, eguraldi txarra egiten badau, ziur asko jente gitxiago etorriko da jaietara. Eta azaroan euri zaparradak eduki ahal doguz, edo praka motzak jantzi ahal doguz. Auskalo! Beraz, kontzertuak egiten diran gunean karpa bat jarten dogu eta aurton Kultur Etxean be jarri gura dogu. Holan, beste areto bat lortzen dogu ekitaldiak egiteko".

Eguraldia kontuan hartzekoa da, bai, baina jai-batzarkidearen berbetan, "herriko jai nagusiak dira, Pazkoakaz batera, eta zamudioztarrok jaiak etortzeko irrikan gagoz: lagunakaz eta familiagaz egoteko momentu paregabea da. Batzuk kanpotik etorten dira bakarrik jaiak diralako. Eta guk horretarako egiten dogu lan urte osoan. Azken batean, jaiak jentearentzat egiten dira. Herria, zamudioztarrak, dira jaien mamia".

 

Jai-egitaraua

Azaroak 9, barikua

–18:30 Txupina. Kantarelux taldeak abestuko dau. Ikurriña igoko da eta gozokiak banatuko dira bertaratutakoen artean

–Pregoia, Ruben Gleraren eskutik

–Kartel lehiaketaren sariak banatzea

–Txokolatadea, txosnan

–Kalejirea, Gazte Elai eta Bertoko taldeakaz batera

–20:00 “Zamudio Izar” lehiaketea, herriko plazan

–23:00 Kontzertuak, Sabino Arana plazan. Oxabi + dj Paco Sanchez

 

Azaroak 10, zapatua

–11:00 Puzgarriak, Kultur Etxean

–12:00 Kalejirea, herritik

–18:00 Dantzak, HiruBat taldeagaz, Kultur Etxean

–20:00 San Martin XXX. Kontzertua, Zamudioko eleizan: Tantak (Mungia), Xatz Eskifaia (Hondarribia) eta Nurat (Gasteiz)

–23:30 Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Vendetta + dj Markelin

 

Azaroak 11, domeka. San Martin

–11:00 Umeen pilota partiduak, frontoian

–11.00 Mezea, eleizan

–12:00 Kalejirea, herritik

–18:00 Kontzertua, Sabino Arana plazan: Puro Relajo

 

Azaroak 12, astelehena. San Martintxu

–11:00 Mezea, eleizan

–12:00 Kopaua, eleizpean

–16:00 Karta txapelketea, Adintsuen Etxean

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).