Zamudio Box taldeko boxeolariak, Bizkaiko txapeldunak

Aikor aldizkaria 2019ko ots. 27a, 11:06

Asteburuan, Bizkaiko boxeo txapelketak jokatu ziren Bilbon, La Casilla kiroldegian. Zamudio Box taldeko hiru boxeolari sartu ziren lehian, eta hirurek lortu zuten domina bana.

Boxeolari bi txapeldunak izan ziren eta urrezko domina bana lortu zuten. Junior kategorian (60 kg), Izaro Ungok irabazi zion Iraia Blancori (MTV Boxing); eta gazte mailan, oilar-pisuan (56 kg), Javier Manriquek, Iker Barkini (Galdakao). Hirugarrena, aldiz, txapeldunordea izan zen. Elite mailan (60 kg), Cristian Darwinek galdu zuen Youssef Hamyden kontra (Basakin). “Poz-pozik gaude, zelan ez. Taldeko hiru boxeolari etorri dira Bizkaiko txapelketara eta hirurek lortu dute domina bana. Txalogarria da. Oso harro gaude, hemengo boxeolari hiru Bizkaiko onenen artean daudelako”, esan digu Josu Naranjo taldeko entrenatzaileak.

Zamudiobox taldeak jarraitzen du boxeoa sustatzen, eta, horren haritik, jaialdia antolatu du Zamudioko kiroldegian, martxoaren 15erako. Karteletan borrokak hilaren 16an izango zirela jakinarazi duten arren, hitzordua egun bat aurreratu behar izan dute kanpoko arrazoiengatik. “Beste aukera bat da gure kirolariak zuzenean ikusteko. Eta bide batez hurrengo hitzordua prestatzen jarraituko dugu: Euskadiko txapelketak, hain zuzen ere”.