Zamudiok beste behin du EAEko BPGd handiena

Aikor aldizkaria 2019ko mar. 7a, 11:19

EUSTATek, Euskal Estatistika Erakundeak, 2016. urtearen datuak jakinarazi ditu, eta, horien arabera, biztanleko barne-produktu gordinik (BPGd) handiena duten euskal udalerrietan jarduera industrialak dira nagusi. Beste behin, Zamudiok du BPGd handiena, eta bigarrena eta hirugarrena Olaberria (Gipuzkoa) eta Ajangiz dira hurrenez hurren. Laugarren postuan Txorierriko beste herri bat dago: Loiu.

2016an, batez besteko biztanleko BPGda 32.771 eurokoa izan zen: Euskal Autonomia Erkidegoko 96 udalerrik gainditu zuten batezbesteko hori (% 38); eta 155 udalerri ez ziren zifra horretara ailegatu (% 62). EUSTATek sektore-banaketa aztertu, eta ondorio hau atera du: biztanleko BPGd handiena duten udalerrietan nagusi da industriaren sektorea; Olaberrian, Ajangizen eta Etxeberrin, esate baterako. Hala ere, Zamudion oreka handiagoa dago industria-sektorearen eta zerbitzu-sektorearen artean, eta horretan Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dauden enpresek dute eragina, hala nola ingeniaritza arloko zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta aeronautikari lotutakoak. Bestetik, Loiun zerbitzu-sektoreak du pisurik handiena, aireportuaren jarduerari lotutako zerbitzuak direla eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).