Pazko prest!

Eguraldi Ona jai-batzordeak zamudioztar guztiek ondo pasatzeko moduko jai-egitaraua antolatu dau atzera be. Txapelketa gastronomikoak, kontzertuak, kaleko animazioa, pelota partiduak, umeentzako parkea… Pazko jaiek ekintzaz beteko dabe Zamudio ekainaren 7tik 10era bitartean.

Txupinazoa bota eta kalejiran urtengo dabe Kultura Etxeraino. Ohikoa dan moduan, txanpinoi-jana eskainiko da bertan. Ondoren, umeentzako berbenea egongo da Kantu Kolore taldearen eskutik. Kantu Kolore proiektua arlo ezbardinetan dabilzan irakasleek osatzen dabe eta, musikea ardaztzat hartuta, gaur egungo hainbat gairi musikea eta letrea ipintzen deutsee, gai horreekiko sentsibilizazinoa zabaltzen laguntzeko. Barikuan beste hitzordu bi edukiko doguz musikeagaz. Alde batetik, Lirain Txiki eta Soinu Bidea abesbatzek eta Zamudioko Kamara Koralak kontzertua eskainiko dabe San Martin eleizan, arratsaldean; eta bestetik, Esne Beltza taldeak agertokira igoko dau gauean. Kalean zazpi lan dabezala, Xabi Solanok eta gainerako taldekideek kanta barriak zein aspaldikoak ekarriko dabez Zamudiora, zaletuei gozarazoteko. Kontzertu hori bukatu, eta musikak eta jai-giroak jarraitu egingo dabe Oxabi erromeria taldeagaz. Gainera, aitatu beharra dago bariku gauean tren-zerbitzu bereziak egongo dirala. Lehenengo trena 01:52an aterako da Lezamarantz; eta 02:12an, Bilborantz. Bigarren trena 04:52an aterako da Lezamarantz; eta 05:12an, Bilborantz. “Urte batzuk dira herriko gazteak jai-batzordera jo dabela eta euren proposamenak jakinarazoten deuskuezala. Gazteei entzun deutsegu eta proposamenok onartu doguz. Eta asmau be egin dogu, izan be, gero eta jente gehiago batzen da gaueko kontzertuetan: gazteak zein hain gazte ez diranak, baita kanpotar asko be. Aurreko urteotan ilara handiak egon dira trena hartzeko, eta horregatik ahalegindu gara aurten be tren-zerbitzu bereziak kontratatzen”, azaldu dau Manuel Francisco Heredero kultura zinegotziak.

Zapatuan, Sukalki Txapelketea izango da, jai-egitarauko ekintzarik garrantzitsuenetarikoa dana. Txapelketa xumea da Zamudiokoa, herritarren artekoa: normalean 8-10 kazola aurkezten dira. “Eguraldiak eragina izan ohi dau parte-hartzaileen kopuruan, baina jentea animatzen bada, oso egun polita izaten da. Jai-batzordeak txapelketan parte hartzeko deia egin gura deutse zamudioztarrei, lagun-taldeei zein norbanakoei be bai. Era berean, animau gura doguz Tortilla Txapelketan be parte hartzera. Karpea egongo da; beraz, eguraldi txarra ezin da atxakitzat erabili. Sukalkiak eta tortillak prestatzen diran bitartean, umeentzako parkea egongo da eta txikiek zaldien gainean ibilteko aukerea be edukiko dabe. Zamudioko sukalkirik eta tortillarik onenak nork egiten dituen erabagi ondoren, Broken Izotz musika taldeak girotuko dauz bazkaria eta bazkalondoa. Hiru Bat dantza taldeak dantzen agerraldia eskainiko dau arratsaldean, eta Dunbots elektrotxarangeak musikea eroango dau bazter batetik bestera, harik eta gaueko kontzertuak hasten diran arte. Agertoki nagusian Kartzarot, Kaotiko eta Akerbeltz ibiliko dira. “Kartzarot Txorierriko musika taldea da, Lezamakoa, eta disko barria atera dabela aprobetxatuta, bada, pentsau dogu jaietara ekartea”. Kaotiko taldeak be diskoa kaleratu barri dau eta, ziur asko, Agurainekoek ez deutsee zaletuei huts egingo. Parrandan jarraitzeko gogoa dauenak Akerbeltz taldearen erromeriaren eskutik egingo dau.

 

Domekea, lasaia

Domenkea egun lasaia izango da. Goizean pelota partiduak egongo dira frontoian, eta mezea; eta arratsaldean Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahiztek Kubako soinuak eta euskerea buztartuko dabez D´Capricho musika-egitasmoan. Astelehenean amaierea emongo jake aurtengo Pazko jaiei. Mezea, kopaua eta karta txapelketea antolatu dira azken egun horretarako.

Eguraldi Ona jai-batzordeak herritar guztientzako jai-egitaraua antolatu dau, aurreko urteetako eskemeari jarraituta, emaitzak onak izan ohi dira eta. Herriko alkarteek konpromiso handia erakutsi dabe egitaraua prestatzeko orduan, eta horreetako batzuk, ganera, jaietan be emonaldia eskaintzen dabe. Euren lana zein norbanakoena ezinbestekoa da. Lerro honeetatik, jai-batzordeak zamudioztar guztiak animau gura dauz kalera urtetera eta Pazko jaiez gozatzera. 

 

 

Jai-egitaraua

 

Ekainak 7, barikua

18:30 Txupinazoa eta kalejirea.

19:30 Txanpinoi-jana, Kultura Etxean.

Kantu Kolore, Kultura Etxean.

20:30 Abesbatzak, eleizan: Lirain Txiki (Gorliz), Soinu Bidea (Basauri) eta Zamudioko Kamara Korala.

23:30 Kontzertuak: Esne Beltza + Oxabi.

 

Ekainak 8, zapatua. Sukalki txapelketea, Bidekoetxe parkean

09:00 Tortilla eta sukalki txapelketetarako izena emotea.

11:00 Umeen parkea eta zaldien gainean ibiltzea, Bidekoetxe parkean.

13:30 Tortilla eta sukalki txapelketen sariak banatzea.

15:30 Broken Izotz musika taldearen saioa, Bidekoetxe parkean.

18:30 Hiru Bat dantza taldearen emonaldia, Kultura Etxean.

20:00 Dunbots elektrotxarangea.

23:30 Kontzertuak: Kartzarot + Kaotiko + Akerbeltz.

 

Ekainak 9, domeka

10:00 Pelota partiduak, frontoian.

12:00 Mezea.

18:00 D´Capricho ikuskizuna, plazan.

 

Ekainak 10, astelehena

12:00 Mezea. Ostean, kopaua.

16:00 Karta txapelketea, Adintsuen Etxean.