Munduko ikuskizunik handiena, Lagatzu Egunean

Aikor aldizkaria 2019ko eka. 20a, 10:37

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak 20 urte bete ditu aurten; eta elkarteak urtero antolatzen duen euskal jaiak, 10 urte. Urteurrenak ospatzeko, herrira munduko ikuskizunik handiena ekarriko dute: zirkua. “Zirku herrikoia izango da, zamudioztarren zirkua”, esan digu Iñaki Atxutegi elkartearen kideak.

Ikuskizuna ekainaren 29an izango da, 11:00etatik aurrera Kultura Etxean. “Alde batetik, zirkuen ohiko ikuskizunak egongo dira: malabaristak, orekariak, pailazoak…; eta bestetik, 20 urtean aurrera eramandako lana ere adierazi nahi dugu zirkuan: horretarako, aurreko urteotan egindako dantzak eta abestiak ere azalduko dira ikuskizunean, eta, keinuen bidez, hainbat ekintza ekarriko dugu gogora, hala nola helikopteroa, antzerki herrikoia eta Eskuetan dantza. Zamudioztarrek hilabeteak daramatzate zirkurako iaiotasuna lantzen. “Malabarismoa ikasteko tailerra antolatu dugu, hankapaluetan ibiltzen ikasteko, dantza akrobatikoa, magia- eta pailazo-tailerrak… Herritarren erantzuna oso ona izan da eta tailer guztiak gainezka egon dira. Gainera, herrian beti dago talenturen bat eta gauza bereziak egiten dituzten zamudioztarrak ere topatu ditugu. Dena dela, ikuskizunez gainera, zirkuan parte hartzeko beste modu asko ere badaude, esate baterako, hasierako desfilean. Nahi duena guregana hurbil daiteke beldur barik: modu bat edo bestea topatuko dugu zirkuan parte hartzeko”.

Bestalde, euskara elkartearen ikurra duten oroitzapenezko kopak ipiniko dira salgai, eta Iñigito Txapelpunkek Lagatzuren omenez egindako abestiaren CDak banatuko dira. Abestia bazkaldu ostean aurkeztuko da jendaurrean. Ohi moduan, Taberna Ibiltariak eta horren kideekin batera abestera animatzen diren lagun-kuadrillek girotuko dute bazkalostea, umeentzako jolasak egongo dira eta Ingu Al Deu? taldeak erromeria eskainiko du 20:00etatik aurrera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).