Lagatzuren zirku euskalduna

a: Unai Legarreta eta Roberto Gomez "Txiki" 2019ko uzt. 1a, 11:38

Zapatuan, ekainaren 29an, Lagatzu euskara elkarteak Lagatzu Eguna ospatu zuen Zamudion, 10. aldiz. Data berezia izan zen, aurten elkarteak 20 urte bete dituelako. Zirkua izan zen jaialdiaren protagonista.  

Goizean, artistek ibilaldia egin zuten herritik eta, ostean, Eskola Zaharretan batu ziren ikuskizuna aurkezteko: pailazoak, erraldoiak, dantzariak, akrobatak, musika… Zamudio osoak –herritarrek, Udalak eta herriko elkarteek– bat egin zuen euskararen jai nagusiarekin. Izan ere, zirkuan aritu direnak zamudioztarrak izan dira. Ikuskizuna prestatzeko, tailerrak egin dira azken hilabeteotan. “Herritarren erantzuna oso ona izan da eta tailer guztiak gainezka egon dira. Gainera, herrian beti dago talenturen bat eta gauza bereziak egiten dituzten zamudioztarrak ere topatu ditugu”, esan du Iñaki Atxutegi kideak.   

Ikuskizuna bukatutakoan, euskaltzaleak herri bazkarian bildu ziren. Bazkaria hasi baino lehen, Lagatzukoek omenaldia egin zioten Ales Atxutegiri, euskararen alde hainbat urtetan egindako lanarengatik. “Elkarteak egundoko lana egin du azken urteotan, baina gazteek lekukoa hartu behar dute orain. Herria batuta badago, edozein gauza egiteko gai da”, esan zuen Alesek.   

Bazkalostekoa berotzeko, betiko moduan, Taberna Ibiltaria musika taldeak kantatzen eta dantzatzen jarri zituen jankideak. Bukatzeko, parrandazaleek jaia jarraitu zuten, Ingu Al Deu? taldeak eskainitako erromeriaren eskutik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).