Zamudio KE Ohorezko Mailara jaitsi da

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 2a, 15:11

Zamudio Kirol Elkarteak ezin izan dio mailari eutsi azkenean, eta Hirugarren mailatik Ohorezko Mailara jaitsi da. Talde zuria 16. postuan gelditu zen Ligan, jaitsierako postuetatik kanpo, baina igoeren eta jaitsieren arteko egokitzapenek Ohorezko Mailara eraman dituzte zamudioztarrak.

“Hasiera-hasieratik gabiltza txarto. Lehenengo partidetan gol asko jaso genituen eta ez ginen garaipenak lortzeko gauza ere izan. Urtarrilean, Carlos Docando izendatu genuen entrenatzaile, Gorka Ruedaren ordez: aurten, klubak lehenengo aldiz aldatu du entrenatzailea denboraldiaren erdian. Talde ona genuela uste genuen, baina gazteak oso kaskar ibili dira eta eskarmentu handikoek ez dute mailarik erakutsi”, azaldu digu Fidel de Prado taldeko presidenteak.

Zamudiok zorte txarra izan du, aurten ohikoa den baino talde gehiago jaitsi egin direlako: ligako azken hirurek –Ordizia, San Pedro eta Bermeo– maila galdu zuten; lehenengo laurek –Portugalete, Sestao, Alaves B eta San Inazio– igotzeko kanporaketa jokatu zuten, baina bakarrik arabarrek lortu zuten igotzea; eta Bigarren B Mailatik hiru talde euskaldun jaitsi dira: Gernika, Vitoria eta Durangoko Kulturala. Horrek ekarri du17. eta 16. postuetan zeuden taldeak –Amurrio eta Zamudio– jaistea. “Ligako beste talderen batek igoera lortu izan balu, mailari eutsiko geniokeen”.

 

Pena

“Pena da horrela jaitsi izana, hiru azkenen artean gelditu ez garelako, baina tira… Egoera berrira egokitzen gabiltza. Ni 2006an sartu nintzen klubean, taldea Ohorezko Mailatik igo zen azken aldian. Harrezkero, 11 denboraldi ibili gara Hirugarren Mailan; eta beste bat, Bigarren B Mailan”. Datorren urteari begira, erabateko aldaketa egingo du Fidel Pradoren taldeak. Teknikari berria Josue Atela izango da, Erandio taldeko entrenatzaile ohia. Halaber, jokalari gehienak berriak izango dira: “gazte taldeko futbolari bik, Juan Sanzek eta Lander Ortizek, denboraldi aurrea egingo dute lehenengo taldearekin; gainerakoak Ohorezko Mailako jokalariak eta Hirugarren Mailako taldeek nahi ez dituzten jokalariak izango dira”, berretsi digu presidenteak. Taldea abuztuaren 15ean hasiko da lanean.

Zamudioztarrek talde sendoa osatu nahi dute, datorren urtean onenen artean ibiltzeko, baina Hirugarren Mailara itzultzea ez da erraza izango, zuzenean bakarrik ligako txapelduna igoko baita. “Gutxienez, herrian etengabe eskatzen dizkidaten derbiak jokatuko ditugu. Izan ere, Derio, Sondika eta Uritarra talde txorierritarrek Ohorezko Mailan ere jokatuko dute. Ea horrela jende gehiago datorren partidak ikustera. Nik nahiago izango nuke Castilla, Barakaldo eta Bilbao Athleticen kontra jokatu, baina gure egoera erabat desberdina da gaur egun eta hori onartu behar dugu. Batzuetan atzerapauso bat eman behar da, aurrera pauso bi emateko”. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).