Bertsolariek eta motorzaleek bat egingo dute bihar Zamudio Racing Egunean

Aikor aldizkaria 2019ko uzt. 5a, 12:18

Zamudio Racing Elkarteak Zamudio Racing Eguna ospatuko du bihar bosgarren aldiz. Horretarako, taldeko pasio biak uztartuko dituzte: autoak eta bertsolaritza. Egitarau oparoa antolatu dute, “Hamaika gasolina erre” lelopean.

Ospakizuna irailean izan zen iaz, baina aurten uztailean egingo da, Euskal Herrian asteburu honetan ez baitago lasterketarik, eta, ondorioz, gidariek Zamudioko saioan parte hartzeko aukera izango dute. Lasterketa 11:00etan izango da hilerriko landan. Guztira, 10 gidari sartuko dira lehian, eta horietako bat Ibai Mozo Zamudio Racing Elkarteko kidea izango da. Ordubete lehenago, 10:00etan, segurtasunez gidatzeko ikastaroa eskainiko da Kotxozulon.

Goizean, umeentzako jolasak antolatuko dira Kultur Etxean, eta, bazkaldu baino lehen, Ambuiberica taldeak berpizte kardiopulmonarrari buruzko ikastaro bat emango du. Herri bazkariaren ostean, 18:00etatik aurrera, bertsolarien txanda izango da. Aurten, Arkaitz Estiballesek, Agin Laburuk, Xabat Galletebeitiak eta Sustrai Colinak gidatuko dute poteoa herriko tabernetatik. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).