Baserriko produkturik onenak, artisau-lanik ikusgarrienak eta gozokirik gozoenak, asteburuan Zamudion

Aikor aldizkaria 2019ko urr. 31a, 09:57

Zamudioko azokeak jendetza handia batzen dau, eta igaz inoz baino jente gehiago hurbildu zan herrira. Izan be, nekazaritzako eta abeltzaintzako produkturik onenak ikusgai eta erosgai egoteaz gainera, Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokea eta Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketea oso erakargarriak dira bertokoentzat zein bisitarientzat. Kotxozulo parkeko azoka-gunean 100 saltokitik gora ipiniko dira.

Zapatuan, 40 saltoki baino gehiago egongo dira eta horietan txokolatea, gozokiak eta artisau-lanak ikusi eta erosteko aukerea egongo da. Gainera, Eusko Labeldun indabak eta txarrikia dastatu ahalko dira, baita tokiko garagardoa be. Azokan bost euro gastatzen diran bakoitzean, bonu bat jasoko da herriko tabernetan kafe bat hartzeko. “Zapatuko azokak gero eta jente gehiago erakartzen dau. Ez da harritzekoa, ze gozoki-artisauek eta ekoizleek urtean-urtean salgai sano interesgarriak eta gozo-gozoak ekartzen dabez”, adierazo dau Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak. Arrastian, 17:00etatik aurrera, herri kirolak izango dira Kultura Etxeko patioan.

Bestetik, domekan, 80 saltoki baino gehiago atonduko dira Kotxozulo parkean eta produktu freskoak eskainiko dituzte, hala nola barazkiak, fruta, gaztaia, txakolina, eztia eta euskal pastela. Era berean, Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketea egingo da. “Zamudioko nekazari gehienak bertan ikustea eta jendeak nekazarien lanagazko eta jeneroagazko erakusten dauan interesa harro egoteko modukoak dira”. Azaldu dauanez, herritarrek gero eta interes handiagoa dabe tokian tokiko produktuak –0 kilometrokoak – kontsumitzeko eta lehenengo sektorearen alde egiteko. Nekazamudio azokea adibide emon dau. “Orain hiru urtetik hona egiten da Kultura Etxean, hilaren lehenengo zapatuan. Inguruetako ekoizleak etortzen dira euren produktuak saltzera, eta gero eta jente gehiago be hurbiltzen da azokara”. Zamudioko Azokaren egun nagusian, domekan, Idiazabal gaztaia eta txakolina dastatzeko saioak be izango dira, eta sariak banatuko dabez.

Aretxabaletaren esanetan, Zamudioko Azokea egun handia da. “Urte osoko lanaren emaitzea da, hau da, udalaren babes osoa dauan lanaren emaitzea”. Azokearen harira antolatutako ekintza guztiak karpapean egingo dira.

 

Azaroak 2, zapatua

 

10:00 VII. Txokolate, Gozoki eta Artisautza Azokea.

10:00 XXVII. Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketea.

11:00 Abere-lehiaketea (emeak).

11:30 eta 12:30 Artisau-garagardoa dastatzea, azalpen eta guzti.

13:00 Euskal Labedun indabak eta txarrikia eta Zamudioko artisau-garagardoa dastatzea.

17:00 Herri-kirolak, Kultura Etxeko patioan.

17:30 Abere-lehiaketea (arrak).

20:00 Idi-probak.

 

Azaroak 3, domeka

10:00 XXXIV. Zamudioko Azokea.

10:00 XXVII. Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketea.

10:00 Limusin abelgorrien, Zamudioko ganaduaren eta nekazaritza-produktuen erakusketea.

11:30 Idiazabal gaztaia eta txakolina dastatzea, azalpen eta guzti.

13:00 Euskadiko Limusin arrazako Abelgorri Txapelketearen sariak banatzea.

13:30 Nekazaritza-lehiaketearen sariak banatzea.