Gogotsu sanmartinetarako

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 6a, 09:39

San Martin jaiak Zamudioko jai nagusiak dira, eta aurten azaroaren 8tik 12ra bitartean ospatuko dabez. Ohikoa dan moduan, Eguraldi jai-batzordeak eta udalak herritar guztientzako jai-egitaraua antolatu dabe.

Txupinazoak hasiera emango deutse ekitaldiz betetako bost eguni. Hori barikuan izango da, 19:00etan, eta pregoia Gazte Asanbladak irakurriko dau. Kartel-lehiaketearen sariak be banatuko dira, eta gozokiak banatuko dira plazara bertaratzen diranen artean. Mozorroen kalejirea Sabino Arana plazako agertokiraino urtengo da, eta bakotxak gura dauen mozorroa jantzi ahal izango dau. Zoroen Kluba eta Akerbeltz taldeek kontzertua eskainiko dabe 23:00etatik aurrera, eta atsedenaldian kuadrillen arteko jolasak egingo dira lehenengo aldiz.

Zapatuan, umeek egurrezko jolasez gozatuko dabe 11:00etatik aurrera Kultura Etxean. Hiru Bat dantza taldeak euskal dantzen alardea eskainiko dau 18:00etan, Kultura Etxean, eta San Martin XXXIII. Kontzertua izango da eleizan. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta Kresala hari laukoteak eta Zamudioko Kamara Koralak hartuko dabe parte. Fanfarre batek herriko txokoak girotuko dauz iluntzean, eta agertoki nagusira talde honeek igoko dira: Txapelpunk, Gora Herria eta Dj Munza. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira.

 

Aurtengo nobedadeak kuadrilen arteko jolasak, slaloma eta umeentzako jolas-parkea dira

 

Domekan, San Martin bezperan eta Arbolantxa pelota alkartearen eskutik, eskupelota partidak egongo dira frontoian 11:30etik aurrera. Meza nagusia 13:00etan izango da, eta 15:00 Zamudioko slaloma egingo da Larragoiti poligonoan, Zamudio Racing alkarteak antolatuta. Lander Aretxabaleta kultura zinegotziak azaldu dauenez, barikuko kontzertuen atsedenaldian egingo diran kuadrillen arteko jolasakaz batera, slaloma aurtengo jaietako nobedadeetariko bat da. Beste nobedade bat da astelehenean, goizean zein arratsaldean, Kultura Etxean umeentzat egongo dan jolas-parkea. Astelehenean be, 12:00etan, mezea egongo da eta, ostean, kopaua. Adintsuen taldeak karta-txapelketea antolatu dau arratsalderako, eta horretan Zamudion erroldatuta dagozanek baino ezin izango dabe parte hartu. Hitzordua Adintsuen Etxean ipini dabe 16:00etarako.

 

Akerbeltzek, Dj Munzak Txapelpunkek, Gora Herriak eta Zoroen Klubak, eskainiko dabe kontzertua

 

Martitzenean, San Martintxu egunean, amaierea emongo jake aurtengo sanmartinei. Mezea 12:00etan izango da. Bestalde, jaietan karpa bana ipiniko da plazan eta Kultura Etxean, egin leiken eguraldi txarretik babesteko.    

 

Erasorik ez

Sanmartinak eraso sexistarik bako jaiak izatea da aurtengo helburuetako bat. “Bardintasun-batzordea sortu dogu eta jai-gunetan eraso sexistak prebenitzeko eta horreei arretea emoteko protokoloa onartzeko alkarlanean gabilz hu­rrengo honeek: Zamudioko Udala, Txo­rierriko Zerbitzuen Mankomunidadeko bar­dintasun-teknikaria eta Zapata Gorriak eta Lagunandre emakumeen alkarteak”, esan dau Aretxabaletak. “Azkeneko dokumentuan, Zapata Gorriak alkarteak eginiko ekarpenak jaso ez eze, irizpideak proposatu be egingo dira, edozein eraso sexistaren aurrean zelan jokatu jakiteko, emakumea babesteko eta emakumearen intimidadea errespetatzeko, unean-unean gura dauen moduan jokatu daian”. Abenduaren hasieran, Bardintasun-batzordeak beste batzar bat egingo dau udaletxean, gai horretan sakontzen jarraitzeko. “Zamudioko emakume guztiek bertan parte hartzera animau daitezala gura dogu, alkarteetakoak izan zein ez izan, euren proposamenak eta ekarpenak kontuan hartu gura doguz eta. Bien bitartean, San Martin jaietan lan egingo dogu, beste batzuetan egin dan legez, erasorik gertatuz gero, prebentziorako eta gogor erantzuteko prest egon gaitezan eta Zamudioko herritar guztion eretxia sendo eta ozen agertu daigun, hau da, ez ezetz dala beti”.

 

 

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).