Gaur arratsaldean, 18:00etatik aurrera, eskola zaharretan, lehen platera eskainiko da. Izan ere, azterketa teknikoak egingo zaizkie autoei. Zaletuek, beraz, autoak gertu-gertutik ikusteko aukera izango dute han. Era berean, plater nagusia, lasterketa, bihar izango da. Guztira, erlojupeko lau zati egingo dira eta gidariek bitan pasatu beharko dute horietatik: goizean, Meakaurren (10:03-12:46) eta Armintzan (10:45-13:27); eta arratsaldean, Viveron (15:59-18:14) eta Zaratamon (16-25-18:40). Autoei laguntzeko eremua Kotzozulo parkean jarri dute. Taldeak hurrengo orduetan ibiliko dira bertatik: 9:35ean, 11:48an, 14:42an eta 16:57an.
Parte-hartzaileei dagokienez, aipatzekoa da Xabier Lujuak gidatutako Hyundai R5 autoa, gaur egun Espainiako rally autorik onena delako. Zamudioko rallya auto mota hori hartzen duen lehenengoa izango da Euskadin. Gainera, Txus Jaio, Víctor Echave eta Iñaki Aiertza lehian ibiliko dira txapelketaren bigarren postua lortzeko, izan ere, txapela Aingeru Castrok irabazita dauka dagoeneko. Horiek guztiak abiadura lasterketa kategorian arituko dira. Bestalde, beste kategorian, sport erregulartasuna, 12 auto klasikok hartuko dute parte.
Txorierriko talde bakar batek jardungo du rallyan, Zamudio Racing. Haren eskutik, zortzi auto arituko dira: bost, abiaduran; eta beste hirurak, erregulartasunean. Azken kategoria horretan, hiru gidari txorierritar izango ditugu: Asier Gutierrez derioztarra; eta lezamar bi, Aitor Arandia eta Zugaitz Dañobeitia, bere pilotukidea. Sari-banaketa bihar, 19:00etan, egingo da.