Emakume pilotariak, berriro Zamudion

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 22a, 12:46

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa aurrera doa eta asteburu honetan jardunaldi bi jokatuko dira: bata, zapatuan, Mañarian; eta bestea, domekan, Zamudion. Txorierriko ordezkari bakarrak Olatz Arrizabalaga gernikarra eta Leire Etxaniz etxebarritarra dira, Olarreta Larrabetzuko elkartearen kideak direlako.  

Zamudioko partidak azaroaren 24an jokatuko dira goizez zein arratsaldez. Lehenengo txandan, 11:00etatik aurrera, lehen mailako pilotariak arituko dira, besteak beste, Patri Espinar (Usansolo) eta Olatz Arrizabalaga iazko finalistak. Espinarrek Eneritz Arrieta azkoitiarraren kontra jokatuko du; eta Arrizabalagak, Ohiana Orbegozo azpeitiarraren kontra. Gainera, Maite Ruiz De Larramendi (Eulate) Leire Etxanizen aurka sartuko da lehian eta Maider Mendizabal (Anoeta), Iera Agirreren (Leitza) kontra. Lau onenek egingo dute aurrera eta finalerdiak Otxandion jokatuko dira azaroaren 30an, 16 urtez azpiko promozio mailako finalekin batera.

Era berean, arratsaldean, 17:00etan, pilota mistoko final laurdenak jokatuko dira. Hauek dira norgehiagokak: Miren Larrarte (Bidania) vs. Arrate Bergara (Bergara); Nora Mendizabal(Andoain) vs. Laia Salsamendi (Uharte); Leire Garai (Gasteiz) vs. Naroa Agirre (Zestoa); eta Amaia Aldai (Dima) vs. Miriam Arrillaga (Zubieta, Gipuzkoa). Neska horiek material gogorragoa erabiliko dute eta, horri esker, “lehia biziak ikusi ahal izango ditugu”, antolatzaileek aipatu duten bezala. Pilota mistoko finalerdiak Galdakaon jokatuko dira abenduaren 1ean.  

 

Mañariako jaialdia

Era berean, biharko beste jaialdi bat antolatu da Mañarian. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera, pilota goxoko 16 urtez azpikoen eta promozio mailako finalerdiak jokatuko dira bertan. Pilotari hauek hartuko dute parte Mañarian, 16 urte azpiko finalerdietan: Aisha Etxeberria (Amezketa) vs. Enara Anitua (Aulesti) eta Ainhoa Romero (Lemoa) vs. Leire Galeano (Antzuola). Era berean, Promozio Mailan neska hauek arituko dira: Gentzane Aldai (Orozko) vs. Ainhoa Ruiz De Infante (Otxandio) eta Amaia Jaka (Ihabar) vs. Naroa Elizalde (Zubieta, Nafarroa).

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).