Leire Etxanizek eta Olatz Arrizabalagak kanporaketa gainditu dute Zamudion, Emakume Master Cup txapelketan

Aikor aldizkaria 2019ko aza. 25a, 12:25

Emakume Master Cup Lau eta erdiko Txapelketaren jardunaldi bikoitza egin da asteburu honetan. Zapatuan, Mañarian pilota goxoko 16 urtez azpikoen eta promozio mailako finalerdiak jokatu ziren; eta domekan, Zamudion, lehen mailako eta pilota mistoko final laurdenetako partidak. Txorierriko ordezkari biek, Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Leire Etxaniz etxebarritarrak, aurrera egin zuten.  

Olatzek 18 eta 15 irabazi zion Ohiana Orbegozori. Arrizabalagak ondo hasi zuen partida, baina Orbegozo emaitzari buelta emateko zorian egon zen. Azkenean, Olatzek garaipena lortu zuen. Era berean, Leire Etxanizek gogor borrokatu behar izan zuen Maite Ruiz de Larramendiri 18 eta 15 irabazteko. Beste kanporaketa bietan hauek izan ziren emaitzak: Patri Espinar faboritoetako bat argi eta garbi nagusitu zen (18 eta 5) Eneritz Arrietaren aurka; eta Iera Agirrek 18 eta 11 irabazi zion Maider Mendizabali.

Arratsaldean, pilota mistoko final laurdenetako partidak ikusi ahal izan genituen eta hauek izan ziren emaitzak: Laia Salsamendik 18 eta 6 irabazi zion Nora Mendizabali; Leire Gararik, 18 eta 8, Naroa Agirreri; Mirian Arrillagak, 18 eta 13, Amaia Aldairi; eta Miren Larrartek, 18-11, Arrate Bergarari. Aipatzekoa da Aldai iazko Promozio Mailako txapelduna kanpoan gelditu izana.  

Lehen Mailako eta Pilota Mistoko finalerdiak Galdakaon egingo dira abenduaren 1ean eta horiek ETB telebista-kateak igorriko ditu. Lehen mailan, Agirrezabalagak Espinarren kontra jokatuko du; eta Etxanizek, Agirreren kontra. Eta Pilota Misto kategorian, hauek izango dira norgehiagokak: Miren Larrarte vs. Laia Salsamendi; eta Mirian Arrillaga vs. Leire Garai.

 

Mañariako jaialdia

Gainera, zapatuan, Mañarian ere jokatu ziren partida batzuk, pilota goxoko 16 urtez azpikoen eta promozio mailako finalerdiak, hain zuzen ere. Lehenengoari dagokionez, Ainhoa Romerok eta Aisha Etxeberriak gainditu zuten kanporaketa eta finala jokatuko dute elkarren kontra Otxandion, azaroaren 30ean. Egun eta leku berean Amaia Jakak finala jokatuko du Ainhoa Ruiz de Infanteren kontra promozio mailan.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).