Iñigo Lazaro, Euskadiko Trial txapelduna

Aikor aldizkaria 2020ko urt. 14a, 15:40

Euskadiko Motoziklismo Federazioak 2019ko Euskadiko Txapelketen sariak banatu zituen zapatuan, Durangon, eta Iñigo Lazaro zamudioztarra saridunen artean egon zen. Lazarok Euskadiko Trial Txapelketa irabazi du TR2 kategorian

Euskadiko Trial Txapelketa apirilean hasi eta azaroan amaitzen da, eta hainbat proba egiten dira Euskal Herrian eta Samanon (Kantabria). Zamudioztarrak ondo ikusi du bere burua 2019ko txapelketan zehar. “Baina esan behar dut entrenamendu-ordu asko egiten ditudala. Berrogeita hamaika urte ditut eta ni baino askoz gazteagoak diren motor-gidarien kontra lehiatzen naiz. Eta ondo dago, gazteek sentsazio onak eta gaztetasuna ematen dizkizutelako; hala ere, urteak aurrera egin ahala, gero eta gehiago kostatzen zait kirol hau egitea, eta ordu asko eman behar ditut gimnasioan eta entrenatzen emaitza onak lortzeko”.

Iaz zortzigarrena izan zen Espainiako Trial Txapelketan beteranoen kategorian –36 parte-hartzaileen artean–, eta aurten ere han ibiltzeko asmoa du. Txapelketa otsailean hasiko da. “Euskadiko txapelketan ere hartuko dut parte, jakina! Niretzat inportanteena da”. Lazaro 1992an hasi zen trialean eta hainbat hona hainbat lehiaketa irabazi ditu. “Batez ere lehen txapela gogoratzen dut: 1992an Euskadiko txapelduna izan nintzen junior kategorian; eta azkena, lehen esan dudan moduan, gero eta gehiago kostatzen da eta”. Horren harira, motor-gidariak eskerrak eman dizkio Zamudio Racing elkarteari, txapelketetan parte hartu ahal izateko lizentziak ateratzeko ematen dion laguntzagatik.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).