Koronabirusa

Autokarabanan konfinatuak

Aikor aldizkaria 2020ko mai. 22a, 12:21

Konfinamenduak Zamudioko autokarabana-eremuan harrapatu ditu hiru familia, eta bakoitza arrazoi batengatik dago bertan. Orotara sei lagun dira eta Itxaso Berreteaga barrikarra haietako bat da. “Ospitale psikiatrikoan egiten dut lan eta Trebiñun bizi naiz. Gune hau atondu zutenetik, lanera autokarabanaz etortzen naiz joan-etorririk ez egiteko, eta libre dudanean, etxera itzultzen naiz. Hala ere, konfinamendua dela-eta hemen gelditu behar izan dut”.

Berreteagak bere auzokideen berri ere eman digu. “Gure autokarabanan bi lagun gaude, eta gutaz gainera, senar-emazte bikote bi daude gunean. Bikote bat Getxokoa da eta senar-emazteak erretiratuta daude. Konfinamenduak oporretara zihoazela harrapatu zituen, eta beren alabetako bat arrisku handiko pertsona denez, etxera ez itzultzea erabaki zuten. Beste bikotearen alaba ere arrisku handiko taldekoa da, eta senar-emazte biek lanean jarraitu behar izan dute. Horregatik ebatzi dute denboraldi batez autokarabanan bizi izatea, alaba COVID-19tik ahalik eta gehien babesteko”. Gainera, Berreteagak aipatu digunez, lehen Madrilgo kazetari bat ere izan zen autokarabana-eremuan. “Europara bidaian harrapatu zuen itxialdiak, baina osasun-arazoen eraginez etxera itzuli behar izan du”.

Hiru bikoteek autokarabanan ibiltzeko ohitura handia dute eta, ondorioz, konfinamendua ondo pasatzen dabiltza. “Atea irekitzen dugu eta kalean gaude. Gainera, beharrezkoak diren zerbitzu guztiak eskura ditugu autokarabana-eremuan, eta herrigunea 50 metrora dago. Erosketak-eta egitera joaten gara eta dendakoek ezagutzen gaituzte. Zamudioztarrak oso jatorrak dira eta aurreko egunean alkateordeak maskarak eta desinfektatzaileak ekarri zizkigun. Egia esan, ondo daramagu eta gure artean ere ondo moldatzen gara. Era berean, udaltzainek eta ertzainek ondo babesten gaituzte”.

Gustura egon arren, guztiok moduan, konfinamendua noiz altxatuko zain daude. “Etxera joan, eta handik eta hemendik ibili ahal izateko”. Getxoko senar-emazteek oporretako bidaia jarraituko dute, ziur asko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).