Lagatzuko euskal jaia zapatu honetan egingo dute

Aikor aldizkaria 2020ko eka. 22a, 17:42

Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak urtero antolatzen du Lagatzu Eguna-Euskal Jaia, eta aurten ez da salbuespena izango. Zamudioko euskaltzaleek koronabirusak sortutako zailtasunei egin die aurre eta euren esanetan, “herrian talentua egon badagoela erakutsi” nahi dute. Beraz, eskatu diete herritarrei bideoak-eta bidaltzeko, eta horiek guztiak zapatuan, ekainaren 27an, 12:00etan, argitaratuko dituzte aikor.eus webgunean eta gizarte-sareetan.

Koronabirusa dela-eta, aurtengoa ez da Lagatzu egun arrunt bat izango, birtuala izango baita. Ez da bazkaririk egingo, ezta musika-saiorik ere. Ildo honi jarraituz, hau da leloa: “Ukondoz ukondo, euskeraz ze ondo”. Hala ere, antolatzaileek herrian giroa sortzea nahi dute eta horregatik, deialdia egin dute, jendeak ekainaren 27an Lagatzu elkarteko kamiseta edo zapia janzteko. “Eta baserritarrez jantzita badoaz, asko hobeto!”, proposatu dute.

Bideoetan denetarik izango dugu ikusgai. “Kantak, aurreko urteetako argazki-galeriak, bertsoak… Sormenaz betetako ekarpenak egin dizkigute eta ziur gaude harridura piztuko dutela, sarritan ikusten ez diren gauzak ikusteko aukera izango dugulako”. Betiko moduan, herriko lagunek eta elkarteek bat egin dute Lagatzu Eguna-Euskal Jaiarekin eta antolatzaileak poz-pozik agertu dira herriaren atxikimenduarekin. “Mirestekoa da herriak urtero ematen digun babesa. Eskerrik asko baino ezin diegu esan”.

“Koronabirusak dena aldatu du. Aurten pastorala egin nahi izan genuen eta entseguak-eta hasita genituen. Hala ere, itxialdia martxoan agindu zen eta horregatik, maiatzean urtero egiten dugun aste kulturala bertan behera gelditu behar izan genuen. Hasieran, euskal jaia ere bertan behera uzteko asmoa genuen, baina herriko jendeak zerbait egin nahi zuela ikusi genuenez, aurrera egitea erabaki genuen”, esan digute Lagatzukoek.