Zamudioko Rallya, berriro martxan

Aikor aldizkaria 2020ko uzt. 9a, 18:13

Zamudio Racing eta Real Peña Motorista Vizcaya elkarteek asteburu honetarako, uztailaren 10erako eta 11rako, antolatu dute Zamudioko Rallya, zortzigarren aldiz. Aurtengoa lasterketa berezia izango da zenbait arrazoirengatik: batetik, koronabirusa dela-eta, segurtasun-neurri batzuk bete beharko direlako; bestetik, itxialdia agindu zenetik, Zamudiokoa Estatuan egiten den lehenengo lasterketa izango delako; eta azkenik, Borja Triguerosi omenaldia egingo diotelako. Trigueros gidaria eta laguna zen eta urtarrilean hil zen. 

Rallya gaur aurkeztu dute Magalarte txakolindegian, Zamudion. Bihar, barikuan, 18:00etatik aurrera, administrazio- eta teknika-egiaztapenak egingo dira Zamudioko Kultur Etxean (eskola zaharrean) eta Agirre Lehendakaria plazan. Era berean, zapatuan, lasterketa egingo da. Lehenengo gidaria 9:00etan aterako da Kolitza plazatik eta, bere atzean, besteak ibiliko dira. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, lehenengo parte-hartzailea 19:15ean helduko da leku berera. Emaitzak 20:30ean plazaratuko dira. Aurreko urteetan moduan, autoei laguntza emateko aretoa Torrelarragoiti industrialdean jarriko dute, Kotzo Zulo aparkalekuaren alboan.

Antolatzaileek etapa bakar bateko ibilbidea prestatu dute, 250 kilometrokoa, eta horietako 80 kilometro, kronometratuta. Gidariek zortzi tarte gainditu beharko dituzte: goizean, Mekaturren eta Bizkaiko Balkoian; eta arratsaldean, Zaratamon eta Elorritxuetan (El Vivero). Sari batzuk banatuko dira: scratcheko eta Renault Turbo Kopako lehenengo hirurei; kategoria bakoitzeko txapeldunari; eta gidari gazte onenari. Guztira 92 lagunek hartuko dute parte lasterketan. Aste bi barru Estatuko Txapelketa hasiko da eta gidari batzuek lehia hori Zamudion prestatuko dute. Beraz, goi-mailako gidariak izango ditugu ikusgai: Ivan Ares, Xabier Lujua, Txus Jaio…

Antolatzaileek gogorarazi dute publikoak segurtasun-neurriak bete beharko dituela: segurtasun-tarteak, maskarak, gela… Halaber, Zamudio Racing eta Real Peña Motorista Vizcaya elkarteek segurtasun-protokoloak garatu dituzte, lasterketaren hainbat lekutan jende gehiegi ez batzeko. Gainera, kartelak jarriko dira, argibideak emateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).