Neurri-multzoa Zamudion, COVID-19aren ondorioak arintzeko

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 24a, 10:01

Pandemiak sortu dituen ondorio ekonomikoen aurrean, Zamudioko Udalak 205.000 euro zuzenduko ditu herriko ostalaritzari, merkataritzari eta herritarrei laguntzera. Azaroaren 6an, ostalaritza arloan indarrean sartu ziren murrizketek ekarri zuten negozio batzuk ixtea edo zerbitzua oso baldintza murriztuetan eman behar izatea; Zamudioko neurriek batez ere ostalariei laguntzea dute helburu. Horrela, bada, herriko taberna eta jatetxe bakoitzak 1.000 euroko laguntza jasoko du.

Bestalde, martxoan edota apirilean zabalik egon arren, eta aurreko urtearekin alderatuta, saltoki eta autonomo batzuen diru-sarrerak % 75 baino gehiago murriztu ziren 2020ko bigarren hiruhilekoan; udalak 25.000 euro bideratuko ditu saltoki horietara, eta 50.000 euro, autonomoen taldera. Autonomoen kasuan, Zamudion erroldatuta egon behar dute, eta egoitza fiskala ere bertan izan.

Udalak bonu-kanpaina ere ipiniko du martxan. Zehatz-mehatz. 3.000 bonu aterako ditu ostalaritzan gastatzeko, eta beste 3.000 bonu, dendetan eta zerbitzuetan gastatzeko. Bonu bakoitzak 35 euro balioko du: erosleak 20 euro ordainduko ditu; eta gainerakoa udalak ipiniko du. Erosleek mota bakoitzeko bonu bi har ditzakete. Bonuak abenduan erosi ahalko dira ADI Zamudio aplikazioaren bidez, eta herritar-txartela erabilita abenduaren 26tik martxoaren 31ra bitartean gastatu. Zamudion erroldatuta ez daudenek ere eskuratu ahalko dituzte bonuak. Udaletxera jo beharko dute horretarako.

Azkenik, udalak arduratsuak izateko deia egin die herritarrei, “egoera lehenbailehen amaitu dadin”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).