Nekazamudiok online erosteko zerbitzua eskaintzen du

Aikor aldizkaria 2020ko abe. 1a, 09:55

Nekazamudio elkarteko ekoizleek www.nekazamudio.eus webgunea ipini dute abian, eta horretan euren produktuak erosteko aukera ematen dute. Gainera, erosketa etxera edo lantokira eramaten dute. Besteak beste, produktu hauek eskuratu daitezke: basatxerri-produktuak, txakolina, marmeladak, barazki ekologikoak, eztia eta karakolak.

“Urte batzuk daramatzagu hilaren lehen zapatuan Nekazamudio azoka egiten, eta badakigu jende askok nahi duela baserriko produktuak hilean behin baino gehiagotan erosteko aukera izan. Gainera, produktuak etxera edo lantokira eroango ditugu eta hori balio erantsia da, batez be egungo egoera eta mugikortasun-murrizketak kontuan hartuta”, azaldu digute. “Era berean, enpresa eta lantegi asko ditugu inguruan, eta hareetako langileengana ailegatzea be gustatuko litzaiguke, baserriko produktuak gustuko dituzte eta”.

Webgune ulerterraza eta intuitiboa da, eta ekoizle bakoitzak bere atala du bertan, produktuekin eta prezioekin. “Banaketa barikuetan egiten da, 10:00etatik 15:00etara, eta eskaerak eguazten gauera arte egin daitezke; eguenean egiten direnak hurrengo asteko barikuan banatuko dira. Gura beste produktu-kantitatea erosi daiteke eta banaketak hiru euro balio du”. Ordainketa be online egin behar da. “Webgune segurua da”.

Nekazamudio elkarteko kideek espero dute webguneari esker salmentak areagotzea. “Jenteak gero eta gehiago erosten du online, izan be, oso erosoa da eskaera etxean egin eta etxean jasotzea. Bestalde, eskerrak eman gura dizkiegu Nekazamudio azokara datozen guztiei eta ekoizleei zuzenean erosten dietenei”.