Zamudioko Udalak udalerriaren itxiera perimetralaren inguruko zalantzak argitzeko telefono-zenbakia ipini du herritarren eskura

Aikor aldizkaria 2021ko urt. 15a, 13:50

Telefono-zenbakia hau da: 688 742 145. Sondika moduan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zamudio ixteko erabakia hartu du, COVID-19aren tasa-metatua handia baita bertan: “14 egunetako 100.000 biztanleko tasa metatua 1.961,97 kasukoa da gaur” adierazi du udalak prentsa-ohar baten bidez. Udalak azaldu duenez, “kopuru horretan nabarmen eragin du Truiondo zahar-etxean azken egunetan egon den postibo-kopuruak”. Igotz Lopez Zamudio alkatea kezkatuta azaldu da zahar-etxeko egoiliarren eta langileen osasunaz. “Laster sendatzea espero dugu; hori da garrantzitsuena orain”.

Bestalde, alkateak zamudioztarrei eskatu die “oraindik zorrotzagoak izateko COVID-19aren hedapena ekiditeko gomendioak betetzeko orduan”, hala nola maskara zuzen janztea, eskuak sarri garbitzea eta segurtasun-tarteari eustea. “Arduratsuak bagara eta elkarlanean bagabiltza, aurrera egingo dugu”, azpimarratu du.

Itxiera perimetralaren ondorioz, tabernek eta jatetxeek itxita egon beharko dute, etxerako eskaerak eroateko eta lokalean bertan eskatutakoa batzeko izan ezik, eta arrazoi justifikatu barik ezin izango da ez herritik atera, ez herrira sartu, harik eta intzidentzia-tasak behera egin arte. Horregatik, eta udalak jakinarazi moduan, merkataritzaren eta ostalaritzaren aldeko bonu-kanpaina luzatuko da legez itxita egon behar duten negozioetarako: kanpaina martxoaren 31ra arte izango da martxan, baina negozio horien kasuan, itxita egon diren beste egun luzatuko da. Beste aldetik, itxiera perimetralak eskola-kirola bertan behera uztea eta taldeko kirola egiteko debekua ere ekarri du.   

Herritik irteteko edo herrira sartzeko salbuespenak hauek dira, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean (EHAA) ezarri denaren arabera:

- Osasun- zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

- Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeko edo legezko betebeharrak betetzea.

- Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

- Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

- Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulak direnei laguntza eta zaintza ematea.

- Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

- Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

- Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

- Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

- Ezinbestean edo premia-egoera baten ondorioz.

- Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

Zamudioko Udalak gogora ekarri duenez, 100.000 biztanleko 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua da Eusko Jaurlaritzak erabiltzen duen adierazlea, koronabirusak gehien jo dituen udalerrien itxiera perimetrala ezartzeko, eta, horrela, hirugarren olatua geldiarazteko. Astelehenero eta ostegunero argitaratuko du Osasun Sailak perimetralki itxita dauden udalerrien zerrenda.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).