Plaza estalia eta lur azpiko aparkalekua egiteko lanak Zamudion

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 5a, 12:26

Zamudioko Udalak Kultur Etxearen ingurua birmoldatzeko lanak hasi zituen apirilean. Irakasleen eraikin ohia lurrera bota zuten, eta gaur egun hondeaketa-lanak egiten ari dira inguruan. Udalaren asmoa da bertan erabilera anitzeko plaza estali bat egitea, eta lur azpiko aparkaleku bat. Azaldutakoaren arabera, Aresti kalea zabaltzearekin batera, egitasmoak Arbolantxa kalea oinezkoentzat egitea ekarriko du. Lanek 18 eta 24 hilabete bitartean iraungo dute.

Udalaren esanetan, lanei esker, “inguruaren irisgarritasuna hobetuko da, handik oinez ibiltzea erraztuko da eta, ondorioz, merkataritza-bizitza hobetuko da, baita herritarren arteko harremana ere”. Bestalde, “inguruko etxebizitzek ez dute garajerik eta lur azpiko aparkalekuak erantzuna emango dio autoak aparkatzeko arazoari. Era berean, herritarrentzako gune berriak atondu ahalko dira, kalean auto gutxiago izango dira eta”. Aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko aukera egongo da.  

Udalak aipatutakoaren arabera, “eskola zaharraren eraikinean Kultur Etxea ipintzeak ingurua Zamudio bizitza sozialaren erdigune bihurtu du. Lanek ingurua osatzea ahalbidetuko dute, patio biak plaza bakar bat bilakatuko direlako; plazaren azpian, aparkalekua egongo da”. Plaza estalia izango da eta bertan jolas-gune bat eta nagusientzako gune bioosasungarri bat atonduko dira.  “Gune estaliari esker, euria egiten duenean ere egin ahalko dira ekintzak. Gainera, ez da beharrezkoa izango karparik alokatzea kultura- eta jai-ekintzak egiteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).