Zamudioko Udalak ekintzaz betetako uda eskainiko die herriko gaztetxoei

Aikor aldizkaria 2021ko mai. 27a, 10:03

Ekainaren 21etik uztailaren 23ra arte, Zamudioko umeek hainbat tailerretan eta campusetan hartu ahalko dute parte, euren sasoi fisikoa, hizkuntza-ezagutza eta teknologia-gaitasunak lantzeko. Ekintza gehienak 2009-2015 urteetan jaiotako umeentzat izango dira, eta 08:30etik 14:30era egingo dira. Izena ematea ekainaren 13ra arte egin ahalko da www.zamudio.eus webgunean, ADI Zamudio appean edo frontoi ondoko lokalean.

Futboleroak (18 euro astean), Basketball (bederatzi euro astean) eta Multikirola (10 euro astean) campusak udal-kiroldegian egingo dira.  Bestalde, Zamudioko eskolan tailer bi egongo dira: Englishland (bederatzi euro astean) eta Teknoegunak (20 euro astean). Azkenik, “udalekuak” egingo dira Kultura Etxean (11 euro astean), eta Txikigauzak ekintza (19 euro astean) 2016-2019 urteetan jaiotakoentzat. Ekintza asterik aste aldatzeko aukera egongo da, baita jarduerek irauten duten bost asteetan ekintza bera egiteko aukera ere. Ekintzak izango dira zamudioztarrentzat, eskolako umeentzat eta tutoreak Zamudion dituzten umeentzat. Eskainitako tokiak baino eskari gehiago izanez gero, zozketa egingo da eta, ekintza bakoitzeko jende-kopuruaren arabera, toki-aldaketak ere izan daitezke.