Gero eta kalitate handiagoa Zamudioko Tomate Txapelketan

a: Nekazamudio 2021ko ira. 7a, 13:11

Tomate Txapelketa hitzordu garrantzitsua bihurtu da Zamudion, eta hura irailaren lehen zapatuan egin ohi da Nekazamudio azokaren baitan. Antolatzaileen esanetan, gero eta arrakasta handiagoa duen hitzordua da eta, era berean, gero eta tomate-barietate gehiago aurkezten dira. Gainera, aurkeztutako produktuen kalitatea ere handituz joaten da urterik urte eta nabaritzen da parte-hartzaileak ortuan ahalegintzen direla lehiaketara tomaterik goxoenak eramateko.

Txapelketa ekoizleei zein herritarrei dago zabalik eta aurten 14 bat lagunek hartu dute parte bertan. Kategoria bi egon dira, entsalada-tomatea eta cherrya, eta parte-hartzaile bakoitzak barietate bat baino gehiago aurkezteko aukera izan du. Esandakoaren arabera, 12 barietate inguru aurkeztu dira. Arakaitz Unzueta irabazlea izan da entsalada-tomatearen kategorian; Gabriel Etxebarria, bigarrena; eta Iñaki Astorkiza, hirugarrena. Bestalde, Josu Lopetegik irabazi du tomate cherryen kategorian, eta Joana Lara bigarrena izan da. Gainera, barietate bat baino gehiago aurkeztuta, Lopetegik eta Larak berdindu zuten, eta biek hirugarren postua eskuratu. Irabazleek Zamudioko kooperatiban gastatzeko diru-txartel bana jaso dute saritzat.

Beste aldetik, Nekazamudio azokaren antolatzaileek aurreratu dutenez, hurrengo azoka urriaren 2an izango da eta egun horretan Piper Erreen Eguna egingo dute. Piperrak erosita, azokan bertan erreko dizkigute etxera eramateko.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).